Bost zati ditu Bergaran (Gipuzkoa) AHTaren lotura egiteko egitasmoak, eta horietako bat egiteko obrak lizitatuko ditu momentuz Espainiako Sustapen Ministerioak: 110 milioi euro bideratuko ditu horietarako.
Hilabete ugari zeramatzaten alderdi jeltzaleko ordezkariek Espainiako Gobernuari Bergarako (Gipuzkoa) lotuneko obrak lehenbailehen lizitatzeko eskatzen, eta duda handiak dituzte oraindik ere Madrilek egitasmoan duen benetako konpromisoaren inguruan. Aitor Esteban diputatuaren galdera bati erantzunez eman du, gaur arratsaldean, lizitazioaren berri Rajoyk, eta ordezkari jeltzaleak esan du Jaurlaritzak aldez aurretik albistea ez ezagutzea ez dela egokia. "Desordena handia dago AHTaren inguruan", salatu du.
Rajoyk gogorarazi du 5.000 miloi euroko azpiegitura bat dela Euskal Y trenbide sarea, eta egungo egoera ekonomikoaren larritasunari erreferentzia egin dio. Jaurlaritzarekin Espainiako Gobernuak harreman "joria" duela esan du, eta alde horretatik egindako kritikarik ez du aintzakotzat hartu.