AHT

Bergarako lotuneko bost zatien kontratuak baliogabetu ditu Sustapen Ministerioak

AHTko obrak ez aurrera ez atzera daude. Proiektuaren zatirik garrantzitsuenetako batean, Bergarako lotunean, enpresak eta Adif ez dira ados jarri esleitutako kontratuen baldintzetan, eta azkenik, hasieratik hastea erabaki du Sustapen Ministerioak.

Ana Pastor eta Ana Oregi, AHTeko lanetara eginiko bisita batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
inaki petxarroman
2016ko ekainaren 16a
07:35
Entzun

Radio Euskadik aurreratu du albistea arratsaldeko informatiboetan. Bergarako lotuneko bost zatiak egiteko agindua jaso zuten enpresak eta gobernua ez dira ados jarri kontratuaren baldintzetan, eta, bertan behera utzi ditu administrazioak. Gaia ez atzera ez aurrera zegoen azken hilabeteotan. Izan ere, iaz esleitu zituzten obrak, hasieran aurreikusitako prezioaren erdian. Alabaina, ikusita prezio horietan lanak ezingo zituztela bukatu galerarik izan gabe, hainbat aldaketa aurkeztu zituzten enpresek eta akordioetara iristen saiatu dira Sustapen Ministerioarekin. Baina aldaketak ez dituzte adostu eta kontratuak bertan behera uztea erabaki du administrazioak orain.

Bost zatitan banatuta dago Bergarako lotunea. Berez 'Euskal Y'-aren elkargunea da, non hiru adarrak (Araba,  Bizkai eta Gipuzkoakoak) lotzen diren. Arrasate-Bergara (Kobate) tarteak 133,3 milioi euroko aurrekontua zuen eta 68,1 milioitan eskaini zioten Comsa eta Cycasak osatutako Aldi baterako enpresa elkarteari. Arrasate-Bergara (Zumalegi) zatiak 114,3 milioiko aurrekontua zuen eta 56 milioitan eskaini zioten Accionari. Arrasate-Bergara (Angiozar) zatiak 158,5 milioiko aurrekontua zuen eta 78,7 milioitan eskaini zieten Corsan-Corviam enpresa elkarteari. Elorrio-Bergara zatiak 83,7 milioiko aurrekontua zuen eta 44,2 milioitan eskaini zioten Corsan-Corviami. Eta, azkenik, Elorrio-Elorrio zatiak 68 milioiko aurrekontua zuen eta 41,1 milioitan eskain zieten Sando-Rover Alcisa enpresa elkarteari.

Iazko udan esleitu zituen Bergarako lotuneko lanak Adifek, baina obrak ez dituzte hasi ere egin bitarte horretan. Orain lizitazioa hasi beharko du berriro Sustapen Ministerioak. Hala jakinarazi diete gaur Sustapen Ministerioko ordezkariek Jaurlaritzako ordezkariei tren lasterraren lanen jarraipenerako batzordearen bileran. Bilera horretan izan da Antonio Aiz Jaurlaritzako ordezkariak, eta jakinarazi du tunel zulagailuak erabiltzeko asmoa dutela. Sistema hori askoz ere  azkarragoa da, baina ere baita dezente garestiagoa. Horrez gain, orain kontraturik gabe geratu diren enpresei kalte-ordainak ordaindu beharko dizkie administrazioak. Obrak 2017aren erdian hasteko asmoa du Espainiako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.