Politika

Bergarako proposamenarekin "hauteskunde ekimenetik haratago" joateko asmoa zutela esan du Barrenak

Pernando Barrena Batasuneko kideak zehaztu duenez, ezker abertzalea barne hausnarketa prozesu baten murgilduta dago, eta ziurrenik, aste honetan erabakiko du Espainiako Hauteskunde Orokorrei begira izango duen jarrera. Ezker abertzaleak zerrenda bateratuaren alde egin dituen urratsak ekarri ditu gogora ETB-2ko 'El Punto' saioan eskaini duen elkarrizketan, eta Bergarako proposamenarekin "hauteskunde ekimenetik haratago" joateko asmoa zutela azpimarratu du, "martxoaren 14ean pentsatu baino martxoaren 15ean pentsatzen ari baikinen".

Hierron eraiki duten zentral hidroeolikoa. GELMERT FINOL / EFE
2004ko otsailaren 3a
17:20
Entzun
"Espainiako hauteskundeak modu instrumentalean erabili nahi genituen, herri honetako aliantza politika irauliz egoera politikoa iraultzeko. Jarrera horrekin Lizarra-Garaziko akordioaren prozesuaren hasieran kokatuko ginateke, su-etenean edo Udalbiltzaren sorreran, eta ez egun herri hau bizitzen ari den egoera politikoan", azpimarratu du Barrenak.

Barrenak argitu duenez, ezker abertzalea barne hausnarketa prozesu batean murgilduta dago, eta oinarriek erabakiko dute aste honetan zer jarrera izango duten Espainiako Hauteskundeei begira eta Bergarako proposamena nola txertatu "hauteskundeen testuinguruan". Espainiako hauteskudeei ez dietela "beste munduko garrantzirik" ematen esan du, "euskal herritarrak Espainiako subirautza defendatuko duen agintari gorena aukeratzeko deituta baikaude".

Aliantza politika berria

Hala ere, hauteskundeez etorreraz baliatu behar dela nabarmendu du, "aliantza politika berri bat egin eta herri honi herri bezala azaltzeko aukera emateko eta bere izatea ukatzen diotenei aurre egiteko". Batasuneko kidea alderdi guztien arteko mahai bat osatzearen alde agertu da, "ziklo politiko berri bati hasiera eman eta orain 25 urte egindako akatsa berak ez egiteko".

Barrenaren esanetan, "ausardiaz" urrats berriak emateko garaia heldu da, eta ezker abertzalearen proiektu politiko historikoa gauzatzeko garaia, "euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea erabiliz". Marko politikoaren inguruko eztabaida "une egokian" etorri dela nabarmendu du, "eta aukera honetaz baliatu behar gara herri hau marko berri batera eraman eta euskal herritarron hitza errespetatuz bake eszenatoki bat sortzeko".

Ezker abertzalea, "eragile aktiboa"

Batasuneko kidearen arabera, ezker abertzaleak "argi" eduki behar du "eragile aktibo" garrantzitsua dela, "nahiz eta legez kanpo egon eta klase politikoaren bazterketa jasan". "Ezker abertzalea ez du Alderdien Legeak gainditu, agian zeinu politiko bat ezabatu du, baina ez proiektu honekin sinesten duten milaka eta milaka herritarrekin. Ikuspegi hori izatea ezinbestekoa bake eszenatoki baten oinarriak jartzeko eta herritaren erabakia errespetatzeko".

Proiektu "alderdikoiak" egiteko garaia amaitu dela eta irtenbidea behar dela nabarmendu du, "gatazka gainditzeko eta kultura politiko ezberdinak integratzeko lana eginez". Joko politikorako "eszenatoki berria" aldarrikatu du Barrenak, "egungo egoeran PPk eta Madrilen interesek irabazten baitute". "Madrilen politikaren helburua ez da soilik ezker abertzalea, baizik eta herri honek beren etorkizuna erabakitzeko ahalmenik ez izatea", esan du Barrenak.

"Herri bezala erantzun behar dugu eta PPk eta Madrileko Gobernuak nahi ez duten jarrera bat hartu, eta horrek 1998. urtera garamatza, aliantza politika batera, eta eszenatoki horretan PP dardarka jarri zen, ez baitzuen ezer kontrolatzen", argitu du Batasuneko kideak. Ezker abertzaleak begiak horrelako prozesu batean jarriak daudela zehaztu du, nahiz eta jakin ezin izango duela berdina izan, "gauza onak eta txarrak" izan zirelako. "Izan dugun esperientziarekin, aliantza politiko horiek berriz egiteko gai izan behar dugu, herri hau beste eszenatoki politiko batera eramateko", adierazi du.

ETAren inguruan

Barrenaren ustez, ETA ez da beste alderdiengandik ezberdin egiten gaituena akordioak egiterako garaian, baizik eta ETAren indarkeriaren inguruko ikuspuntuak ezberdintzen gaitu. "Guk beti esan dugu ez garela irakurketa arduragabeetan sartuko, helburu komunikatiboa baitute eta horren atzean elkarrizketa eta negoziazioa egun zehatzik gabe atzeratzea suposatzen baitu, alde guztietan eragikorrak eta beharrezkoak izan baitira elkarrizketa eta negoziazioa", azpimarratu du.

ETA gaitzesteko diskurtsoa "zilegia" da, baina "ez da eraginkorra inondik inora". "Bakoitzak bere balorazioa egingo du, alde etiko eta pertsonal batetik, baina gatazkaren konponbiderako ez da batere lagungarria", zehaztu du. Barrenaren ustez, ezker abertzaleak esan behar duena da irtenbideak badaudela horrelakorik gehiago ez gertatzeko.

Batasuneko kideak ETAk abenduaren 30ean kaleratu zuen agiria ekarri du gogora, eta zerrenda bateratua osatu ahal izateko "hartu beharreko neurriak" hartuko zituela esan zuen, eta hitz horiekin jende askok su-etena ikusi zuela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.