'Egunkaria auzia'

Bermea abal bidez ordaintzeko aukera eman dio Del Olmok Iñaki Uriari

Uztailaren 8an defentsak aurkeztutako erreforma helegiteari erantzunez, espetxetik irten ahal izateko bermea abal bidez ordaintzeko aukera eman dio Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkari ohiari Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hala ere, Juan del Olmo epaileak bermearen diru kopuru handia (450.000 euro) ez du batere murriztu.

2004ko uztailaren 29a
19:01
Entzun
Hain zuzen ere, Del Olmok gaur plazaratu duen autoan esaten da ez dagoela uztailaren 2an behin-behineko espetxeratzea saihesteko ezarritako bermearen kopurua jaisteko arrazoirik, eta, alde horretatik, atzera bota ditu Uriaren abokatu Joxe Mari Elosuak erreforma helegitean baldintzapeko askatasunerako galdegindako neurriak: bermea gehienez 30.000 eurokoa izatea, eta bi astean behin polizia etxean bere burua aurkeztea.

Hala ere, ordaintzeko moduari dagokionez aldaketa onartu du: lehenago dirutan ordaindu behar zen bermea, derrigorrean, eta, orain, bankuen abal bidez ordaintzeko aukera eman du.

Iñaki Uria iazko otsailaren 20an atxilotu zuen Guardia Zibilak 'Egunkaria'-ren kontrako operazioan, beste bederatzi lagunekin batera. Harrezkero, espetxean dago. Hain zuzen ere, Uria da 'Egunkaria auziagatik' kartzelan dagoen bakarra —operazio hartan atxilotutako Xabier Alegria ere espetxea dago, baina Udalbiltzaren kontrako auziagatik—. Uriak, beste zenbait atxilotuk bezala, torturak salatu zituen.

Apirilaren 28an 600.000 euroko bermea ezarri zion Auzitegi Naizonaleko 1. Salak, aurrekaririk gabekoa, bai diru kopuruagatik, bai abalen bidez ordaintzeko aukera ukatu ziotelako. Uztailaren 2an, defentsaren askatasun helegiteari erantzunez, 450.000 eurora jaitsi zuen Auzitegi Nazionalak bermea, baina, halaber, dirutan eskatzen zuen.

Uriari behin-behineko askatasuna eskuratzeko ezartzen ari zitzaizkion baldintza neurrigabeen kariaz, Iñaki Uria Askatu taldea sortu zuten hil honen hasieran. Hilaren 20an, Uria atxilotu zutela 17 hilabete betetzen zirela eta, elkarretaratze jendetsua egin zuten Zarautzen (Gipuzkoa), 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkariaren herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.