Euskal Herria

Bermeoko kaia konpontzen udaberrian hasiko dira

Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko herrietako udalak, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Espainiako Gobernuak bilera egin dute, denboralearen kalteak aztertzeko. Donostiako kalteak 5,7 milioi eurorenak dira.

urtzi urkizu
2014ko otsailaren 14a
19:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik deituta, itsas denboraleak eragindako kalteen inguruko bilera egin dute gaur goizean Gasteizen. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko herrietako udalak, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Espainiako Gobernua deitu zituen bilerara Oregik.

Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak iragarri du datorren asteartean bilera teknikoen ziklo bat hasiko dutela erakunde publikoek, denboraleak egindako kalteak aztertzeko eta lehentasunezko ekinbideak zehazteko. Martxoaren 3rako jardueren egutegia prest izango dute. Eta egun horretatik aurrera, "topaketa orokorrak" egingo dituzte erakundeetako ordezkariek, kalteak konpontzeko ekinbideak erabakitzeko. Pablo Saavedra Espainiako Gobernuko Kostako zuzendaria prest agertu da kalteak konpontzeko lanetan "lehenbailehen” laguntzeko.

Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Bizkaiko herri horretako kaiaren konponketa lanak udaberrian hasiko dituzte. Bitartean, eremua indartuko dute, harrizko blokeekin eta betoiarekin. Otsaileko lehen asteburuko itsas denboraleak kalte handiak sortu zituen Bermeoko kaian. Arrantzaleen lonketan ur asko sartu zen, gainera. 

Donostiako Udalak, bestalde, eguneratu egin du denboraleak hirian sortutako kalteen txostena. Horren arabera, 5.767.800 eurori aurre egin beharko diete erakunde publikoek: Zurriolako hondartzan eta pasealekuan kalteak 1.470.618 eurorenak dira. Paseo Berrian, berriz, milioi bat eurorenak. Parte Zaharrean kalteak 296.329 eurorenak dira, eta Santa Clara uhartean, 356.900 eurorenak.

Hondarribiako Udalak bilera egin zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Sailarekin eta Portuen Zuzendaritza Nagusiarekin, Higer itsasargira ematen duen errepidearen gaia aztertzeko. Urtarrilaren 26tik itxita dago errepide hori. "Oso arazo larri baten aurrean gaude, konponbide oso zailak dituena", esan du Hondarribiako alkate Aitor Kerejetak.

Zarautz eta Getaria arteko errepidearen lanak datorren astean hasiko dituzte. Lanek lau aste iraungo dute. 45.000 euroko kostua izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.