Orduek aurrera egin ahala, egoera are gehiago korapilatzen ari da Zumaia eta Deba artean. Izan ere, atzo Bermeoko Motxo arrantzontzia itsaslabarretatik ateratzeko erreskate lanetan ari zirela, ontzia irauli eta erregaia galtzen hasi zen. Hamabost tona gasolio ditu barruan. Aintzat hartu behar da Zumaia eta Deba arteko kostaldea biotopo babestua dela eta balio ekologiko handia duela. Itsas Salbamendukoek ez dute egiaztatu erregaia galtzen ari den edo ontziaren kroskoan arrakalaren bat sortu den. Dena den, lekukoek BERRIAri baieztatu diote gasolio kiratsa izugarria dagoela eta uretan olio orbanak ikusi dituztela. Jaurlaritzak lasaitasun mezua kaleratu nahi izan du: egoera kontrolpean dagoela eta ingurumen arriskurik ez dagoela. Badaezpada ere, ontziaren inguruan isurkariei eusteko hesiak jarri dituzte.
Herenegun goizaldean izan zuen istripua Bermeoko Motxo arrantzontziak, olatu kolpeen ondorioz, eta hondoa jota geratu zen. Ontzian zeuden bederatzi arrantzaleak onik atera zituzten. Eskifaia salbu utzi ostean, ontzia itsasoratzea izan zen helburua. Batzuen ustez, ordea, aurrena gasolioa atera behar zen, ontzia salbatzeari lehentasuna eman ordez. Arratseko itsasgorara itxaron zuten, baina ezin izan zuten deus egin, itsaso zakarrak gehiago bultzatu baitzuen kostaldera.
Atzoko ahaleginak ere alferrikakoak izan ziren. Itsasgorak itsaso are zakarragoa eragin zuen, eta 14:00 inguruan, Motxo irauli egin zen. Gainera, atoiontziak ontzia lotzeko erabilitako sokak eten egin ziren, eta ontziaren branka haitzetara begira geratu zen. 17:00 aldera, bertan behera utzi behar izan zituzten lanak. Gaur, berriz elkartuko dira salbamenduko arduradunak, eta zer egin baloratuko dute. Denbora aurka dute, baina. Izan ere, eguraldi iragarpenak ez dira batere egokiak ontzia ateratzeko. Astelehenean itsasoa asko zakartuko da, eta astearterako, zortzi metroko olatuak iragarri dituzte.
Ontzia orain kostaldetik oso gertu dago: ehun metrora. Itsasgorak haitzetan harrapatuta utzi du. Toki horretan, sakonera gutxi dago, eta lekukoek uste dute oso zaila izango dela ontzia handik ateratzea. «Han utzi beharko dute, edo bestela puskatu eta zatika atera».
Zumaiako alkatea, haserre
Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea haserre mintzatu zen atzo. Haren esanetan, arrantzontziak kostaldetik oso gertu egiten dute arrantzan, eremu babestua dela kontuan hartu gabe. Ontziko armadoreek, berriz, ukatu egin zuten atzo berriz ere debekatutako eremuan arrantzan ari zirenik eta sareak botata zeuzkatenik. «Istripua izan da, ez beste ezer. Olatuen kolpeek bota zuten ontzia uretara».
Bermeoko 'Motxo' arrantzontzia irauli egin da, eta erregaia galtzen ari da
Itsaso zakarraren ondorioz salbamendu lanak bertan behera utzi dituzte, eta gaur ekingo diete berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu