Beroenetakoa eta lehorrenetakoa

Ez dugu Frantzian duten lehortearen antzekorik, baina beroak eta lehorrak izan dira 2011ko lehen hilabeteak gurean ere.

I. Petxarroman / A. Renteria
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Bero eta lehor doa 2011. Oso lehor. Frantzian alarma guztiak piztuta dauzkate, eta atzo bertan Meteo Francek ohartarazi zuen XX. mendearen hasieratik inoizko udaberririk beroena dutela herrialde horretan. Euskal Herrian egoera ez da horrenbestekoa, baina lehorrean eta beroan, bietan nabarmendu da 2011. Esaterako, azken mende erdiko urte hasiera lehorrena izan da Miarritzen, Meteo Francek jakinarazi duenez, eta ohi baino hiru gradu beroagoa. Urtarriletik maiatzera 643 litro jaso ohi dira metro koadroko Miarritzeko meteorologia zentroan. Aurten, 266 baino ez dituzte jaso atzo eguerdira arte. Kontuan edukita hilabete euritsuenak igarotzen ari direla, udari kezkaz begiratzen ari zaizkio jadanik, bereziki lehortea gehiago nabarmendu den Frantziako hainbat eskualdetan. «Ez dugu ukanen orain arteko eskasia berreskuratzeko modurik, uda euritsua bada ere», adierazi du Pierre Prouchet Meteo Franceko Miarritzeko estazioko meteorologoak.

Uraren Agentziako Aturri-Garona bulegokoak kezkatuago mintzo dira: «Udaberrian ez du aski euririk egin, eta, udako hilabeteei begira, 1976ko idortearen eitea du aurtengoak. Baina egoera larriagoa izan daiteke oraindik ere. Izan ere, 2003an bezala, lurraren azalean ez dago hezetasunik,eta uda ordukoa bezain bero baletor, egoera larria litzateke».

Izan ere, beroak lurrazaleko hezetasuna xurgatzen du, eta, behin lehortuta, euria egiten badu ere, lurrak ez du xurgatzeko ahalmenik. Hala, ura zuzenean erreka eta ibaietara joaten da. Aturri-Garonako ur agentziak ohartarazi du ia bi hilabeteko aurrerapena daramagula euri faltaren eraginez. Alegia, abuztuaren hasieran bezalaxe gaudela dagoeneko.

Frantzian alarma piztuta daukate. Gobernuak krisi batzordeak eratu ditu departamenduetan, eta ur kontsumorako murrizketa batzuk agindu dituzte jadanik hainbat lekutan. Egoera Frantziako iparraldean eta mendebaldean oso larria da. Ipar Euskal Herriko laborarien artean kezka zabaldu da jadanik. Izan ere,lehen murrizketak laborantzan ezarriko dituzte. Ondoren, herriko etxeetako ureztatze zerbitzuetan. Gero autoak garbitzea eta igerilekuak betetzea izango litzateke ondorengo neurria, egoerak hala eskatuko balu.

Frantziako Nekazaritza ministro Bruno Le Mairek atzo adierazi zuen lehortea «lurralde osoan» nabari dela, eta 1976koarekin konparatzeko modukoa dela. 1976koa Frantziako azken ehun urteetako lehorterik larrienetakoa izan zen. Nekazaritzako ezbeharretarako funtsa martxan jarriko dutela jakinarazi zuen Nekazaritza ministroak, laborarien artean izango diren galerei aurre egiteko.

Margarita Martin Aemeteko ordezkariak adierazi du ez degoela lehorterik. «Orain arte ez dugu normalean baino %50 euri gutxiago jaso inon. Baina,jakina, Gipuzkoako ekialdean, esaterako, euri eskasia aipagarria da». Egoera, ordea, ez da Frantziakoarekin konparatzeko modukoa, nahiz eta historiako urte hasiera lehorrenetako bat den aurtengoa. Azken bi egunetan jasotako euriak egoera leundu du, eta azken bi egunei esker maiatza ez da ezagutzen den lehorrena bihurtu . «Behar handia dugu, hala ere. Ikusiko dugu uda nola datorren. Bost hilabete lehor izan diren historiako beste hainbat urtetan euri asko egin zuen udan».

Hurrengo hilabeteotan zer eguraldi egingo duen ez dira ausartzen esatera meteorologoak. Margarita Martinek gauza bat du argi, ordea: ekaitz ugari izango dira. Izan ere, itsasoko ura oso bero dago jadanik. Donostian 17,3 gradutan dago ura, eta neurtzen hasi zirenetik bakarrik 1990ean iritsi zen hain gora.

Aurten gertatu denak azalpen meteorologikoa du, Martinek dioenez. «Europan eta Ipar Atlantikoan presioguneak nola kokatu diren aztertuta, ohartzen gara antizikloia Europan kokatu dela gehienetan, eta depresioa Cadizko golkoan. Normalena izango zen antizikloia Azoreetan eta britainiar uharteetan izatea eta depresioa Islandian».

Horregatik, hegoaldetik iritsi izan dira euriteak, eta halakoetan hemen euri gutxi egiten duela gogoratu du Pello Zabala frantziskotarrak. «Joera berarekin joan dira negua eta udaberria: bi egun euri eta bost egun lehor… Beldur naiz uda bukaerarekin, lehortea etor daitekeela eta. Planta txarra hartzen diot».

Oro har ur hornikuntzan arazorik ez den bitartean herritar gehienak ez dira ohartzen lehorteaz, eta, horri dagokionez, esaterako, egoera nahiko ona da Euskal Herri osoan. Bernard Gourgan Pirinio Atlantikoetako Ingurumen saileko arduradunak jakinarazi du %95 inguruan beteta daudela Ipar Euskal Herria eta Biarno hornitzen dituzten urtegiak. «Alta, dagoeneko urtu dira Biarnoko eta Zuberoako gailurretako elurrak. Beraz, ibai eta errekek ez dute nondik hornitu aurrerantzean, urtegietatik ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.