Berotegi efektua eragiten duten gasen isuria murriztea du xede Eusko Jaurlaritzak ingurumen plan berrian. Klima aldaketaren eraginak gutxitu nahi dituzte horren bidez. «Egitasmo aitzindaria da», esan du Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Arantza Leturiondok. 2020. urtea baino lehen berotegi efektua eragiten duten gasen igorpena %20 gutxitzea jarri dute helburutzat.
Beste bost helburu ere baditu egitasmoak. «Aniztasun biologikoaren galera» ahalik eta azkarren etetea da horietako bat. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garrantzi biologiko handiko 52 eremu daude, eta hegaztiak babesteko beste hiru ere bai: Txingudiko badia, Urdaibai eta Deba eta Zumaia arteko lur parkea. Horrekin batera, Ingurumen sailburuordeak dio ekosistemak lehengoratzea eta lurren artifizializazioa mugatu behar direla.
Hirugarren eta laugarren helburuei dagokienez, aipagarriak dira baliabideen erabilera eraginkorra eta kontsumo arduratsua sustatzea. Ingurune garbi eta osasungarria bermatu beharra nabarmendu du Jaurlaritzak.
Bosgarren eta seigarren xedeak erakundeei eta eragileei dagozkie. Haien arteko «lankidetza eta koordinazioa» sustatu beharra ikusten baitu Jaurlaritzak. Horretarako, ingurumenaren aldeko merkatua erabili beharra nabarmendu du, eta informazioa eta prestakuntza hobetu beharra.
«Helburu estrategikotzat» jo dituzte planean zehaztutakoak. Horiekin batera, beste batzuk ere ageri dira datozen urteetarako planean: 17 xede operatibo eta 57 jarduera lerro, zehatz esateko.
Eusko Jaurlaritzak 2009. urtean onartu zuen EkoEuskadi 2020 plangintza, eta Europako Batasunak finkatutako dokumentuak izan ditu oinarri nagusitzat. Programa berriaren zuzenketaz Ingurumen, Lurralde, Nekazaritza eta Arrantza Saila arduratuko da. Nolanahi ere, Leturiondok beharrezkotzat jo du Jaurlaritzako sail guztiek elkarlanean egitea lan egitasmo horretan.
Guztien parte hartzea
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egindako plangintza betetzea posible izan dadin «guztien parte hartzea» beharrezkoa dela adierazi du sailburuordeak: «Gure egitasmoa aurrera eramateko aldundiek eta udalek parte hartzeko borondatea izatea espero dugu». Horrekin batera, enpresen, ikerketa erakundeen, unibertsitateen eta gizarte ordezkarien babesa jasotzea espero dute.
Babes horrek erakutsiko luke, Ingurumen sailburuordearen ustetan, «garapen iraunkorreko eredu berri baterantz aurrerapausoak emateko lagungarria» dela aurkeztu berri duten plana. Gainera, gizartea beste eredu «egokiago» baterantz bultzatzea ere ekarriko du, haren iritzian. Eredu hori hazkuntza ekonomiko eta ongizate sozialean oinarrituko dela nabarmendu du. Herrialdearen garapen orekatuago bat lortzeko baliabide gutxiago kontsumitu beharra izango dela gogoratu du sailburuordeak.
Berotegi efektuko gasen isuria %20 gutxitu nahi dute 2020 baino lehen
Ingurumen plan berria egin du Jaurlaritzak; besteak beste, lurren artifizializazioa mugatu nahi dute horren bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu