Klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasen isurketak %10 gutxitu ziren 2009an, 2008arekin alderatuta, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. 22,6 milioi tona isuri ziren 2009an, eta 25,2 milioi 2008an.
Alabaina, datu horiek ezin dira interpretatu Kyotoko Protokoloak herrialdeei eskatzen dien irizpideen arabera. Izan ere, Nazio Batuen Erakundeak estatu bakoitzari eskatzen dio bere herrialdean isurtzen diren berotegi efektuko gasak neurtzeko. Eta Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zuzenean isuritako gasak ez ezik, bertako kontsumoari dagozkien kanpoko isuriak ere zenbatu ditu.
Horren arabera, eta Jaurlaritzak emandako datuak kontuan edukita, 1990arekin alderatuta, bakarrik %6 handitu da berotegi efektuko gasen isurketa 2009an.
Aurreko urteetan ez bezala, 2009ko berotegi efektuko gasen inbentarioa egiteko orduan, Jaurlaritzak ez ditu eman isuri zuzenen datuak, eta honela argudiatu du hori egin ez izana: «Horrek kanpoan utziko lituzke bertan ekoitzi ez baina bertan kontsumitzen den energiari dagozkion isurketak». EAEren kasuan, egun kontsumitzen den energiaren %80 bertan ekoizten da; garai batean, berriz, %4 besterik ez zen ekoizten bertan. «Horrek ezinezko egiten du isurketak murrizteko ahaleginak neurtuko liratekeen eremu konparagarriak finkatzea».
Arrazoiak arrazoi, Nazio Batuek diote herrialde bakoitzak zenbatu behar dituela berak zuzenean sortutako isurketak, eta ez kanpokoak. Hala eginez gero, %6 baino askoz gehiago handitu dira isurketak 1990arekin alderatuta. Konparazio baterako: 2008ko inbentarioko datuak hartuta, isurketa guztien igoera %18koa zen 1990koaren aldean; isurketa zuzenen kasuan, berriz, %39koa. Ez Espainiako Gobernuak ez Nafarroakoak ez dituzte datuak Jaurlaritzak bezala ematen.
Krisiaren eragina
Jaurlaritzak onartu du, hein batean, barne produktu gordinaren jaitsierarekin lotuta dagoela berotegi efektuko gasen isurketaren jaitsiera. Baina ez horrekin bakarrik. Izan ere, 2009an BPGa %4 gutxitu zen, eta gas isurketa %10. «Bere horretan da 2002an hasitako joera; alegia, CO2 gutxiago isurtzen da ondasun eta zerbitzu ekoizpen unitateko».
Isurketen zatirik handiena energiaren sektoreari dagozkio, %40, hain zuzen ere (9 milioi tona). Industriaren sektoreak isurien %22ren eragilea izan zen (4,9 milioi tona). Eta garraioaren sektoreak 5,7 milioi tona sortu zituen (%23). Hondakinen sektoreak sortu zituen isurien %6; alegia, 1,3 milioi tona. Betiere Jaurlaritzaren inbentarioaren arabera.
Inbentarioa ez ezik, Euskadiko ingurumen profila 2009 agiria ere ezagutarazi du Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak. Ingurumenak «hobera» egin du alor batzuetan, agiri horren arabera; eta txarrera beste batzuetan. Besteak beste, txarrera egin dute mugikortasun ereduak eta natur baliabideen kontsumoak.
Berotegi efektuko gasen isurketak %10 gutxitu direla dio Jaurlaritzak
Murrizketa, hein batean behintzat, krisi ekonomikoari eta BPGaren jaitsierari egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen SailakIsuri guztiak kontuan edukita, 22,6 milioi tona isuri ziren 2009an; 25,2 tona 2008an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu