Berra egoitzako enpresa batzordea eta zuzendaritza akordio batera iritsi ziren atzo. Horrela, amaitutzat eman dute 2013ko maiatzean hasitako lan gatazka. ELAk jakinarazi duenez, bermatu egin da "lan baldintzen hobekuntza eta blindatzea". Hitzarmen horrekin, Berra egoitzako langileen baldintzak Gipuzkoako beste egoitzetan indarrean daudenekin parekatuko dira. Berra bakarrik falta zen itun bat lortzeko.
Beraz, ELAk bukatutzat eman du Gipuzkoako adinekoen egoitzetarako 2013-2014ko negoziazio prozesua. "Gogoratu beharra dago 75tik gora egoitza eta eguneko zentrotarako akordioak sinatu direla; horietan guztietan blindatze klausulak jaso dira, gure lantokietan lan erreforma ez aplikatzea bermatzen dutenak, baita lan baldintza eta baldintza sozialen hobekuntza handia ere", azaldu du ohar batean.