Alex Salmondek dimisioa emango duela iragarri ondoren, askotariko mezuak plazaratu dituzte Eskoziako politikariek.
Nicola Sturgeonek, Salmond ordezka dezakeen SNPko kideak, nabarmendu du Eskoziako lehen ministroak lortu dituenak "gaindiezinak" direla. "Laguna, mentore eta kide" izan du 20 urtez, eta esan duenez, haren aholkularitzarik gabe ez litzateke gai izango politika arloan lortu duena lortzeko.
Ez du argitu Salmond ordezkatuko duen. "Pribilegioa" litzatekeela esan du, baina hori ez dela "gaur" hartzeko erabakia. Orain "lehentasuna" atseden hartzea da harentzat.
Alistair Darling Better Together kanpainako buruarentzat, Salmondek "harrotasunez" begiratu diezaioke politika arloan egindako ibilbideari. Eskoziako bizitza publikoari egindako ekarpena nabarmendu du, eta "onena" opa dio etorkizunean.
Patrick Harvie Alderdi Berdeko kideak Twitterren gogorarazi du beti ez dela Salmondekin ados egon; hala ere, uste du inork ezin duela zalantzan jarri erakutsi duen konpromisoa:
It's no secret that I've not always agreed with Alex Salmond. But none can doubt the impact he's had or the commitment he's shown. Respect.
— Patrick Harvie (@patrickharvie) September 19, 2014