Erreakzioak. "Ardura" eta "kontsentsu" eskaerak

2014ko maiatzaren 13a
17:16
Entzun

Isuna "neurriz kanpokotzat" jo du Eusko Jaurlaritzak, dirua aspaldi berreskuratu zelako, "krisi garaian berreskuratu ere". Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuaren arabera, oraindik goizegi da isuna nola ordainduko duten esateko. Zigorra Espainiari ezarri zaiola azaldu du. "Beraz, hark hartuko dituen erabakiak ezagutu arte itxaron behar dugu etorkizuneko neurriak adosteko". Gaiak "jarrera arduratsua" eskatzen duela nabarmendu du, "horregatik lau erakundeok hitz egingo dugu, Herri Dirubideen Kontseiluan".

Bizkaiko Diputazioa

Finantzen Euskal Kontseiluaren "berehalako" bilera eskatu du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, bakoitzak zenbat ordaindu erabakitzeko. Horrez gain, Kontzertu Ekononomikoki batzorde mistoak ere elkartu beharko lukeela uste du. Bilbaoren arabera, aukera bat baino gehiago daude isuna banatzeko, esaterako, bakoitzak emandako eta berreskuratutako dirua kontuan hartzea edota Ekarpenen Legeko koefizienteak aintzat hartzeko. "Guk ez dugu ez baten ez bestearen alde egiten oraingoz. Baina bakoitzak dirua berreskuratzeko izan duen jarrera kontuan hartu beharreko elementua da".

Gipuzkoako Diputazioa

"Zabarkeria politiko argia egon da, eta orain ardurez hitz egiteko momentua da", esan du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak. Gogora ekarri du soilik Gipuzkoako ordezkariak joan direla gaur Luxenburgora, epaiaren berri "lehen eskutik" izateko. Ugarteren esanetan, ez da "arreta desbideratzeko" momentua, hau da, ez da isunaren ordainketa nola banatuko den hitz egiteko momentua, "ardurez hitz egitekoa baizik".

Arabako Diputazioa

Isunaren partiketan, "kontsentsua" bilatu beharko da Nerea Llanos Euskadiko PPko idazkari nagusiaren esanetan. "Ez dakit matematikoki egin behar den kalkulua, hau da, Eusko Jaurlaritzak isunaren %70 ordaindu behar duen eta %30 diputazioek, baina bakoitzaren baliabideak kontuan izan behar dira". Llanosek aipatutako proposamen hori egin du Javier de Andres alderdikide eta Arabako ahaldun nagusiak. "Jaurlaritza kobratzeko prest egon bazen, ordaintzeko ere egon beharko du, eta bestela itzuli egin beharko lioke Arabari jasotakoa".

PSE-EE

Herrialdeen arteko "polemika artifizialak" piztu beharrean, PSE-EEk "hondamena eragin" dutenei eskatu die ardurak euren gain hartzeko. Isuna "okerreko estrategia baten kostua" dela gaineratu du, EAJk eta PPk diputazioetan erakutsitako "prepotentziaren" eta egindako akatsen ondorioa. Adierazi du isuna ez dela etorri legez kanpo egindako zerbaitengatik, baizik eta diputazioen luzamenduengatik. "Europako Justizia Auzitegiaren epai irmoa 2006koa da, baina gutxietsi egin dute eta Europako Batzordea mareatu nahian ibili dira".

UPD

"Isuna euskal herritarrek ordainduko dute politikari arduragabe eta iruzurti batzuen erruz", adierazi du Gorka Maneiro UPDko bozeramaileak. Haren esanetan, diputazioak gobernatzen dituzten ordezkariak 15 urtean saiatu dira Europako agintariak engainatzen. Gaineratu du gertatu dena gertatu dela Espainian bost eredu fiskal ezberdin daudelako, eta Euskadin hiru eredu fiskal ezberdin daudelako. Horregatik, Maneirok dio diputazioek ez luketela eskumenik izan behar zerga arloan. Are gehiago, desagertu egin behar luketela dio, baita batzar nagusiek ere.

Cebek

Zigorra hasieran uste baino txikiagoa izan da, hala ere, "neurriz kanpokoa" da Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentearen iritziz, "laguntzak itzulita baitaude". Ekonomiaren gainbeherako testuinguru hartan, instituzioek egin beharrekoa egin zutela azaldu du. Isuna nola ordaindu behar den esatea ez dagokiola enpresaburuen elkarteari dio Garcinuñok.

LAB

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren arabera, langileek ordaindu beharko dute "EAJk enpresei eta multinazionalei egindako oparia, Confebasken bulegoetan diseinatu zena". Eskatu du formulak martxan jartzeko, isunak laguntzez baliatu zirenek ordain ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.