Erreakzioak. "AVTko ultren esanetara" ari dela leporatu dio IUk Espainiako Gobernuari

2014ko urtarrilaren 9a
18:37
Entzun

IU

"Zer espero daiteke AVT Giza Eskubiden Europako Itunetik ateratzea eskatu zuen elkartearen aginduetara ari den gobernuaz?" Galdera horixe egin du Kongresuan IUko diputatu den Alberto Garzonek, atzoko atxiloketen ostean. "Gobernua gorrotoz jokatzen" ari dela esan, eta kritika zaparrada jaso du sare sozialetan, eta azalpen gehiago eman ditu esandakoaz.

"Gorrotoz" ari da jokatzen Espainiako Gobernua, haren ustez, baina ez du esan "ETAren kontra gorrotoz" ari dela, sare sozialetan leporatu dioten bezala "irmo" egin behar baita ETAren kontra, dioenez. Ezberdintasun hori egin du, bere ustez, bereizi egin behar delako "ETAren, eta ezker abertzalearen eta beste subjektu politiko batzuen artean. Bestela Egunkaria-rekin gertatu zena gertatuko da". 

Espainiako Gobernua "arduragabekeriaz, bake prozesuari eraso egiten ari" zaiola uste du, eta zehaztu duenez, "AVT ez da terrorismoaren biktima guztien ordezkari". Beste biktima batzuk "beste gauza batzuetan pentsatzen" ari dira.

PSE-EE

EPPKren mintzaideen aurkako polizia operazioa "justifikatuta" egotea espero du PSE-EEk, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari ohartarazi dio ETAren "ziklo amaierak arduraz eta adimenez jokatzea" eskatzen duela. Hala ere, erabaki judizialen aurrean "errespetua" agertu du.

Nafarroako Gobernua

Operazioa txalotu du Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek, argudiatuta "terrorismoa herritarren askatasunaren etsai handiena" dela.

PP

Guardia Zibilak atzo eginiko operazioa "logikoa" dela nabarmendu du Borja Semper PPko Eusko Legebiltzarreko eledunak, eta gaineratu du "gaur ETAk kontrol urriagoa" duela presoekiko. Semperren iritziz, ETA "desegiten" joango da era progresiboan, "eta hala egiten ez badu, zuzenbide estatuak, logikoa den bezala, talde terrorista desegingo du".

Carlos Urkijo

Atzo Guardia Zibilak eginiko atxiloketen inguruan mintzatu da gaur Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria. Azaldu du atzoko atxiloketak ez direla "ETAren ekintza zehatz baten" ondorio, eta ohartarazi du "abaguneen gainetik" Espainiako Gobernuak eta auzitegiek ez dutela "atseden" hartzen.

Esan du operazioa "beharrezkoa" izan dela, eta azaldu du ETA "erabat desegin" arte lanean jarraituko duela Espainiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.