Erreakzioak. Doris Benegas: "Nire neba zen eta maite nuen, maite dut"

jon olano
2015eko abuztuaren 25a
14:51
Entzun

Jose Maria Txiki Benegasen heriotzaren berri izan ostean, erreskadan heldu dira erreakzioak; horien artean, Doris Benegas abokatu eta Txikiren arrebarena. Efe agentziari eginiko adierazpenetan, bien arteko harremana defendatu du: "Nire neba zen eta maite nuen, maite dut".

PSEk nabarmendu du "euskal sozialismoarentzat dena" izan zela Benegas, eta haren ondareak PSE eta Euskadi "gainditzen" duela. Ohar batean, alderdiak atsekabea azaldu du haren heriotzaren aurrean, eta doluminak adierazi dizkie Benegasen senide eta lagunei. Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak nabarmendu du "negoziatzaile nekaezina" izan zela: "Askatasunaren alde etengabe borrokan aritutako herritarra".

EAJk Benegasen "heriotz goiztiarra" deitoratu du eta bere egin du senideen, lagunen eta PSEko kideen mina. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ere atsekabea azaldu du, eta nabarmendu Benegasek akordioak lortzeko gaitasuna zuela.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du pertsona "konprometitua eta bokaziozkoa" izan zela Benegas, eta gogorarazi parte hartze "aktibo eta zuzena" izan zuela "gure herria egituratu duten akordio handietan". Iñaki Anasagastik esan du Euskal Herriko eta Espainiako politika ezin dela ulertu Benegas  gabe. EAJko senatariak eta Aitor Estebanek nabarmendu dute EAJ eta PSE elkar ulertzearen aldekoa zela Benegas.

Arantza Quiroga Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPko idazkariak nabarmendu du Benegasek "Euskadi anitzarekin" zuen konpromisoa. 

Sare sozialetan ugari izan dira dolumin eta atsekabe mezuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.