Erreakzioak. Erkoreka: "Operazioaren amaiera edozein delarik ere, egoera politikoa ez nahastea espero dut"

2015eko urtarrilaren 12a
20:34
Entzun

Atxiloketen berri izan eta berehala, hainbat erreakzio idatzi dituzte eragile ugarik. "Askatasun jokaleku posible bakarra" Espainiako Estatutik kanpo dagoela argudiatu du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak.

Ainhoa Etxaide: LABeko idazkari nagusiak gogor kritikatu du Guardia Zibila "berriro ere" LABen egoitzan sartzea: "Gure jarduna erabat publikoa da, eta hau LABen eta askatasun demokratikoen kontrako erasoa da". Halaber, gogoratu du duela urtebete ere antzeko polizia operazioa izan zela, Espainiako kartzela politika salatzeko eginiko manifestazioaren ingurumarian.

Josu Erkoreka: Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak salatu du eurek ez dutela Espainiako Gobernuarengandik operazioaren berri jaso, eta esan du "onartezina dela" hedabideak lehenago jakitea Jaurlaritzak baino. "Desleial" jokatzea leporatu dio horregatik Espainiako Gobernuari. Gainerakoan adierazi du ezin duela polizia operazioa baloratu "nahikoa informaziorik" ez zuelako, eta epaileei errespetua adierazi ostean gaineratu du auzi hau epaitegietan "garbi eta azkar" erabakitzea espero duela. Eragileei arduraz jokatzeko eskatu die, eta adierazi du espero duela Guardia Zibilaren polizia operazioak ez nahastea egoera politikoa eta bizikidetza eta bakegintzan egin beharreko bidea, "operazioaren amaiera edozein delarik ere". Azpimarratu du Jaurlaritza irmoki dagoela "bakearen, normalizazio politikoaren eta elkarbizitzaren" alde.

EAJren EBB: "Gaurkoa bezalako operazio polizial eta judizialek iraganera garamatzate. ETAk indarkeria utzi eta hiru urtera, ulertezina egiten zaigu salbuespen egoerako jokabideei eustea, 'dena ETA da' oinarritzat hartuta. EAJk ez du inoiz bat egin salbuespeneko legalitatearekin eta, ondorioz, berretsi egiten du oso larria dela 04/08 sumarioa bezalako epaiketekin aurrera egitea. Argi gelditu da lotu egin nahi izan direla gaur hastekoa zen epaiketa eta oinarri politikoa daukan goizeko polizia jarduera. Euskal gizarteak bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi du. Hori lortzeko, ezinbestekoa da gaurkoa bezalako gertakariak alboratzea. Espainiako Gobernuari eskatzen diogu egungo legalitatea oinarri hartuta eta salbuespenekoa atzean utzita, eman ditzala aurrerapausoak bizikidetzaren alde. Horrez gain, ezker abertzaleari konpromisoak betetzen jarraitzeko gonbitea luzatzen diogu, daukan arduratik ETAren armagabetzea ahalbidetu eta eragindako min bidegabea aitortua izan dadin".

Alberto Catala: Espainiako Justizia ministroa ziur agertu da Espainiako Segurtasun Indarrek "nahikoa zantzu" dituztela atxiloketak egiteko, eta bermatu du atxiloketak "kontrol judizialpean" izango direla: "Orduan izango da arrazoiak epaitzeko aukera".

Martin Garitano: Gipuzkoako ahaldun nagusiak joan den larunbatean Bilbon egin zen manifestazio arrakastatsuarekin lotu du gaurko polizia operazioa. Gatazkaren konponbide demokatikoaren eskaerari emaniko erantzuna dela dio: "Jasaten dugun demokrazia maila erakusten digu".

Lokarri: Lokarri erakundearen arabera, zuzenbide estatuak parte hartze politikoa eta adierazpen askatasuna bermatu behar ditu, baina goizeko polizia operazioarekin "beste behin ere jarduera politikoari jazarri diote". Bestela ere onartezina izan arren, gaur egungo testuinguru politikoan are ulergaitzagoa dela dio: "Elkarbizitzari jartzen zaion beste oztopo bat besterik ez da".

Euskoa Alkartasuna: “Euskal jendarteak etorkizunari begira aurrera egiten duen bitartean, Madrilek iragan beltzean ainguraturik eduki nahi gaitu”, salatu du EAk. Jarduera politikoa judizializatzeari uzteko exijitu dio Espainiako Estatuari. "Uste baldin badute modu horretan subiranismoa bere bidetik irtenaraziko dutela, oso oker daude", gaineratu dute.

Aralar: "Abokatuen atxiloketa estatu faxistaren dinamikan oinarritzen da eta ez du justifikazio juridikorik. Baina jakin dezatela ezerk ez duela geldituko herri honetan abian den prozesua".

Alternatiba: Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kide Ayem Oskozek salatu egin du “herri honen normalizazio politikoaren eta herritarren eskubideen aurkako enegarren erasoa”. Esan duenez, operazioak “zuzenbide estatu batean ukiezina izan beharko litzatekeen defentsarako eskubidearen kontra" egin du, "justiziaren gainetik eta mendekurako zein eskubideak urratzeko ad hoc sortutako legeei aurre egin behar dieten abokatuak direlako atxilotutakoak”.

Eleak: Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak gogor salatu ditu gaurko atxiloketak: "Nekatuta gaude ehiza zentzugabe eta giza eskubide oinarrizkoenen eraso atergabearekin. Nekatuta gaude herri honek urratsak eman eta entzungor egiten tematzen direnekin".

Arantza Quiroga: EAEko PPko lehendakari Arantza Quirogaren arabera, ETA desegiten ez den bitartean "Estatuaren betebeharra da erakunde terroristaren kontra jotzea".

Nueva operación contra abogados. Nos quieren arrastrar al pasado. Que nos dejen convivir en paz

— Paul Ríos (@Paulrios) January 12, 2015

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.