Erreakzioak. Foro sozialaren ondorioak "oro har positiboak" dira Jaurlaritzarentzat

2013ko maiatzaren 27a
18:11
Entzun

Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeko idazkari nagusi Jonan Fernandezen ustez "aurrerapausoa" dira Foro Sozialak gaur aurkeztu dituen gomendioak. "Oro har positiboak", hainbat formulazio "zehaztu, hobetu eta eztabaidatu" behar direla uste duen arren.

"Urrats txikiak egiten saiatzeko ekarpena dira, ETAren indarkeriaren amaiera kontsolidatzeko eta elkarbizitzarako normalizazio soziala lortzeko", Fernandezen ustez. Kontsentsuak lortzeko ahalmenean ikusiko da gomendioon garrantzia, "hitzak gertaera konkretuetan bilakatzeko gaitasunean". Zentzu horretan bi lehentasun daude: "Batetik ETAren desarmatzea eta desegitea, eta bestetik, espetxe politika berria egiteko alderdien ekarpena".

Teoriatik praktikara igarotzeko urratsak egitea, berriz, ez da soilik foroaren erantzukizuna, Fernandezen ustez; "nork bere esku daukana egin behar du". Alde horretatik "gobernuak berea barneratzen du. Bere konpromisoa ekimena izatea da, bere esku dagoen guztia egiteko". Horren isla konkretua eta zehatza Bake eta Elkarbizitza planean aurkeztuko duela eman du jakitera, ekainaren erdialdean.

Eragileei Alternatibaren deia

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek "baikortasun handiz" hartu ditu martxoaren 14an eta 15ean Iruñean eta Bilbon antolatu zen bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren sustatzaileek gaur Donostian aurkeztutako gomendioak.

"Nazioarteko gatazketan adituen iritzietan oinarrituta daudela, eta are gehiago, Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako foro honetan herritarren ekarpen zuzenak ere jaso direla azpimarratu nahi dugu. Horregatik, gatazkan inplikazioa duten eragileek kontutan hartu eta aldi berean, bereganatu beharko lituzkete herriaren normalizazioa politikoa lortzeko eta gatazka benetan gainditu ahal izateko", esan du Agirresarobek.

Ondorio eta gomendioetako batzuk nabarmendu ditu alderdiak: "Bake prozesuaren erronkei aurre egiterako orduan, gizarte zibilaren, instituzioen eta politikarien parte-hartzearen beharra; zentzuzko denbora tarte batean desarmatze prozesu egiaztagarri baten diseinuaren eskaera; salbuespen espetxe politikari freno ipintzeko gomendioa eta giza eskubideen egoera erakunde independente batek ebaluatzeko iradokizuna”.

Gomendioak "oso garrantzitsuak eta bete beharrekoak" dira, Aralarren ustez

Bake prozesua sustatzeko Foro Sozialak gaur ezagutzera eman dituen hamabi gomendioak "erabat demokratikoak, zentzudunak eta bizi ditugun garaietara egokitutakoak" dira, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak esan duenez.

Zabaletaren ustez, Foro Sozialak "egian, justizian eta adiskidetzean oinarritutako prozesua sustatzearen beharra azpimarratzen du, etorkizuneko elkarbizitzaren oinarri bezala hartuta; era berean, gertatutakoa kontatzeko aukera ezberdinei atea irekita uzten die, beti ere bakearekiko errespetu osoz jokatuta".

Era berean, espetxeratuta edo ihes eginda dauden pertsonak prozesuan parte hartzeko eta bergizarteratzeko beharra egiten duela nabarmendu du Aralarrek, "beti ere gizarte osoa aintzat izanda".

Era horretara, Zabaletak eskatu die Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta erakunde publikoei oro har, gomendio horiei "garrantzia berezia" emateko eta "bere osotasunean" betetzeko, "horrek eragina izango duelako elkarbizitza demokratikoan, aurrerapen sozialean eta bake iraunkorrean".

"Burla bat", UPDren arabera

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidearen ustez, berriz, foro sozialaren gomendioak "burla bat dira gizartearentzat eta zuzenbide estatuarentzat". Maneirok adierazi du ez dela bake prozesurik egon behar "ez delako gerrarik egon"; haren ustez, "ETA garaitu eta haren ideiak zilegitasunik gabe uztea" da egin beharrekoa.

"Espainia herrialde demokratikoa da eta ETA talde terrorista bat; hau ulertzen ez dutenek hobe dute isilik egon eta besteok ez kutsatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.