ETAk plazaratutako adierazpena "norabide onean" eginikoa dela uste du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, baina "nahikoa" ez delakoan, "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko eskatu dio. Gainera, ezinbestekotzat jo du desarmatze prozesua egiaztatzea.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Morrasen arabera, "behin betiko bere materialekin eta bere izate teoriko eta errealarekin amaitzeari" ekin behar dio ETAk. "Inoiz ez da albiste txar bat, baina gauzak ez dira dosi txikietan egiten; ETAren existentziari behin betiko ezezko irmo bat nahi dugu", azaldu du.
Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak esan du ETAren agiriak "bide bat berretsi" egiten duela, eta gaineratu du, "antza denez", armak zigilatzea ez dela "teknikoki erraza". Radio Euskadin mintzatu dira EAJ, EH Bildu, PSE eta PPko ordezkariak, eta bertan esan du Egibarrek desarmatze prozesuak "segurtasun marko" bat behar duela, hala egin dela egiaztatzeko.
EH Bilduko legebiltzarkide Dani Maezturen ustez, berriz, ETArenak "urrats logikoak" dira, Espainia eta Frantzia "oztopoak" jartzen ari diren arren. "Pausoak aldebakartasunez ematen ari dira eta ikusten duguna da bi estatuek trabak besterik ez dituztela jartzen", azaldu du.
PSEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek ETAri eskatu dio "berehala" desegiteko: "Norbaitek desarmatu nahi badu, desarmatu egiten da". Horrekin batera, "zuhurtziaz eta argitasun politikoz" jokatzeko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Anton Danborenea PPko legebiltzarkidearen iritziz, erakunde armatuaren adierazpenak "ez dakar berrikuntzarik". "Hau oso sinplea da: ez badute gehiago hil behar, eman ditzatela armak", erantsi du.