Erreakzioak. Jaurlaritzaren plana "sozialisten programen kopia bat" dela dio Mendiak

2013ko martxoaren 19a
14:47
Entzun

Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailearen ustetan, Jaurlaritzak enplegurako plana aurkeztuta "ilusionismora" jo du, baina haren iritziz, ez du atzean "erreala den ezer".

"Txikian, baina sozialisten programen kopia bat" da, Mendiaren arabera. Nabarmendu du Urkulluk iragarritako neurrietako batzuk Patxi Lopezen gobernuak hitzartutako kredituak direla.

Horregatik, azaldu du plana "ezaguna eta pentsatzekoa" zela, eta salatu du "eragileekin kontrastatu gabe eta aurreko esperientziak aztertu gabe" egin dutela.

ELA: "Jaurlaritzarentzat enplegua ez da lehentasuna"

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak gaur Bilbon egindako agerraldian esan du Jaurlaritzaren politikaren "lehentasuna" ez dela enplegua. Muñozen aburuz, aurrekontua 1.150 milioi eurotan murrizten duen gobernu batek "edozer gauza egiten du enpleguaren alde egitea izan ezik". "Enpleguaren aurkako eraso bat" da Urkulluren gobernuaren aurrekontua Muñozentzat. 

Jaurlaritzaren enplegurako plana ondo aztertu beharrekoa dela iritzi dio; hala ere, uste du ez duela lanpostu gehiago ekarriko. ELAko idazkari nagusiaren arabera, enpresaburuek jarduera badago kontratatzen dute jendea, eta "ez dagoenez", diru publikoa enpresetara "lekualdatzea" izango litzateke.

Finantza erakundeetan "kredituak kolapso egoeran" daudela salatu du, eta alderdi politikoak kritikatu ditu, "banku bihurtu diren kutxetako administrazio kontseiluetan egoteko borroka" egiten dutelako. "Zer egiten duzue zuek hor, dietak kobratzeaz gain? Zer egiten ari zarete finantza erakundeak ekonomia errealaren zerbitzura jartzeko?", galdetu du Muñozek.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak uste du "makillajea" dela enplegurako plana, eta "mobilizazio udaberria" iragarri du —ez du baztertu greba okorrera deitzea—.

 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.