ETAren jarduera armatuak "jatorri politikoa" duela esan zuen gaur zortzi Mintegik Eusko Legebiltzarrean, eta Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak gaur jakinarazi du Mintegiren adierazpen horiek ikertzen ari dela, "terrorismoa goratu" eta "biktimak iraindu" ote zituen argitzeko.
Erreakzioak:
Josu Erkoreka (Eusko Jaurlaritzako eleduna): "Ez dagoela arrazoirik ETAk hildakoei modu ezberdinetan deitzeko, ez baitago justifikaziorik ezta aitzakiarik ere. Denok egin beharko genuke ahalegin bat etorkizunean iraganean baino gehiago pentsatzeko".
Jose Antonio Pastor (PSE-EEko bozeramailea legebiltzarrean): "Mintegiren hitzak ez datoz bat egungo egoera politikoarekin eta zalantzan jartzen du Sorturen estatutuen zintzotasuna". Fiskalaren ikerketa ontzat du Pastorrek.
Juanjo Agirrezabala (EH Bilduko legebiltzarkidea): "[Fiskalak] badaki bere erabakiak ez duela biderik. Legeek argi diote legebiltzarkideak forudunak eta bortxaezinak direla".
Joseba Egibar (EAJko legebiltzarkidea): "Fiskalaren erabakia, ziur, Madriletik gidatuta, eskatuta edo iradokita dator, beste hainbatetan bezala. Onartezina da".
Gorka Maneiro (UPDko legebiltzarkidea): "[Mintegi ikertzea] oso egokia da. EH Bidu ETAren ekintza kriminalak goratzen ari da bere sorreratik".