Tentsioa agerikoa izan da 200 ertzain inguruk Eusko Legebiltzarraren parean egin duten elkarretaratzean. Legebiltzarreko osoko bilkura hasi aurretik elkartu dira atarian, eta oihuekin hartu dituzte Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua. Lanean ari ziren ertzainen segurtasun lerroa apurtu dute manifestariek, eta Segurtasun sailburuaren dimisioa galdegin dute, Erne, ELA eta Sipe sindikatuek deitutako mobilizazioan. Tarte batean legebiltzarraren pareko errepidea ere moztu dute.
Kordoia apurtu dute protestan zeuden ertzainek Lehendakaria pasatu denean. Urkulluk burua goian. Dezibelioak gora.@argiapic.twitter.com/9FMk0Sx5dW
— Julen Orbegozo (@julenor) 2018(e)ko martxoak 1
Legebiltzarrean protestan ari ziren etzainetako batzuk Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkidea iraindu dute. Goirizelaia akusazioaren abokatu da Ertzaintzak gomazko pilota batekin jota hil zuen Iñigo Cabacasen auzian.
Elkarretaratzean, ertzainen lan baldintzak hobetuko dituen negoziazioa abiatzea eskatu diote Ernek, ELAk eta Sipek Jaurlaritzari. Hala egin ezean, brigada mugikorretako ertzainei gaixotasun baimena hartzera deitzeko kanpaina egingo dutela iragarri dute. Martxoaren 12tik 19rako astean egingo lukete kanpaina hori. Hain zuzen, Athletic futbol taldeak Olympique Marsella taldearen kontra Bilbon jokatuko duen astean. Martxoaren 15ean izango da neurketa. Sindikatuek martxoaren 9ra arteko epea eman diote Jaurlaritzari neurriak hartzeko.
Roberto Seijo Erne sindikatuko idazkari nagusiak ohartarazi du ertzainek kanpainarekin bat eginez gero, ezinezkoa izango dela partiduaren egunean segurtasuna bermatzea. Kanpaina brigada mugikorretan zabaltzeaz gain, Hiritarren Segurtasunerako Dibisioan ere hedatzea espero du.
Jaurlaritzaren polizia eredua "jendea akabatzen" ari dela salatu du Seijok, joan den otsailaren 22an Athletic eta Spartak Moskuren arteko futbola partidarako antolatu zen segurtasun operatiboan ertzain bat hil zela gogoraraziz. Seijoren esanetan, "indarkeriazko heriotza" izan zen hildako ertzainarena. "Zauritu eta hiltzen garen bakarrak gu gara", adierazi du.
Atheltic eta Spartak Moskuren arteko partidaren aurretik Bilbon izan ziren istiluen ondorengo egunetan, ertzainek berriz ere gomazko pilotak erabiltzeko aukera izatea galdegin zuen Esan ertzainen sindikatuak.