Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

«Berreskuratutako kaleetatik», PSE-EEk bizikidetza eskatu du

Donostiako Konstituzio plazan egin dute agerraldi politikoa sozialistek; sinbolismoz eta oroitzapenez beteriko ekitaldia izan daErnest Lluch eta Jose Ramon Rekalde ETAren biktimak gogoratu dituzte

Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Konstituzio plazara itzultzeko promesa egin zuten sozialistek urriaren 22an, ETAk jardun armatua uzteko adierazpenaren ostean Kursaalean egindako agerraldian. Atzo bete zuten hitza. Sinbolismoz eta emozioz beteriko agerraldia egin zuen PSE-EEk Parte Zaharreko plazan. Bozetako mezu politikoen gainetik, sentimenek eta erraietatik ateratako oroitzapenek hartu zuten protagonismoa atzokoan. Bi izan ziren gehien errepikatu zituzten hitzak: «memoria» eta «askatasuna».

Memoria, Ernest Lluch zena gogoratu zutelako. ETAk 2000. urtean eraila, 1999eko Udal eta Foru hauteskundeetan, Konstituzio plazan esan zituen hitzak ekarri zituen gogora Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Su-eten garaian izan ziren orduko bozak, eta txistu eta oihu artean hartu zuten Lluch. «Hau da poza orain oihuka daudenak lehenago hil egiten zutela jakitea» esanez erantzun zuen sozialistak. Jose Ramon Rekalde ere oroitu zuten atzo PSE-EEkoek. ETAren biktima izateaz gain, haren emazte Maria Teresa Castellsek Konstituzio plazan zuen Lagun liburu denda itxi behar izan zuen, «jasotako mehatxuengatik».

Etorkizuna «oroitzapenen baitan» eraiki behar dela adierazi zuen Lopezek, «ahaztea erailketen absoluzioa» delako. Hala eta guztiz ere, geroa «gorrotorik gabe» osatu behar dela adierazi zuen: «Memoria ikasteko baliatu behar dugu, akats berberak ez egiteko, eta indarkeriara eta tolerantziarik ezara ez itzultzeko».

Askatasuna, berriz, Konstituzio plazara itzultzea bereziadelako PSE-EEko kideentzat. «Berreskuratutako kale eta enparantzez» jardun zen Lopez: «Dagoeneko ez dago leku debekaturik, kaleak denonak dira, beldurrik izan gabe ibil gaitezke berriro». Lluchi mintzo zitzaion jarraian: «Oraingoan bai, Ernest, oraingoan berreskuratu dugu askatasuna».

Kaleak «berreskuratuta», eta memoria albo batera utzi gabe, «bizikidetza» sustatzeko garaiari heldu zion lehendakariak. «Sozialista guztien eskuak» eskaini zituen bizikidetza «zuzen eta askea» eraikitzeko. «Iraganeko zauriak» gainditu, eta ahanzturarik gabeko etorkizunaren alde agertu zen. Gai horretan sakondu zuen bere mezua Lopezek: «Ez dugu onartuko askatasun aro hau Gipuzkoa eta Euskadi bitan zatitzeko erabiltzea». «Guztiontzat» lekua dagoela nabarmendu zuen, eta ez hasteko batzuk besteen aurka. Bizikidetza jarri zuen gizartearen etorkizuneko erronka moduan.

Bozetako mezuak alboratuta

Mezu politiko askotaz hitz egin zezakeela azaldu zuen lehendakariak: gizarte kohesioaz, egoera ekonomikoaz... Mariano Raxoik «botere ekonomikoek inolako balaztarik ez edukitzea» gogoko duela esan zuen. Baina «ezin» zuen hauteskunde mezuekin jarraitu. Lluch eta Rekalde gogoan zituela, «askatasun berreskuratuaz» eta hura lortzeak sorturiko «nekeaz» jardun zen berriro. Arrosa bat Lluchi eskainita amaitu zuen agerraldia Lopezek.

Ramon Jauregi, Eduardo Madina eta Odon Elorza EAEko hiru lurraldeetako Kongresurako zerrendaburuak izan zituen ondoan Lopezek, baina inork ez zuen hauteskunde mezurik eroan. Atzokoa ez zelako «bozetako beste ekitaldi bat» sozialistentzat; aspaldiko korapilo bat askatzeko eguna zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.