Donostiako Ospitale aurrean gose greba egin duten 31 lagunek eta haiengana bildutakoek hunkiduraz eta txaloka jaso zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Jose Luis Castrok Josu Uribetxebarria preso arrasatearrari baldintzapeko askatasuna emateko hartutako erabakia.
Hunkituta, eta txaloka, baina kezka ere agertu zen haien artean, besteak beste gaixo larri dagoen presoa ez dutelako berehala askatuko.
Castro epailearen erabakia jakin orduko, dena den, Donostia Ospitaleko atarian gose greban egon diren 31 lagunek iragarri zuten bertan behera utzi dutela asteotako protesta ekintza hori.
«Berri oso ona da, baina, tamalez oso berandu iritsi da, zazpi urteko atzerapenez», adierazi zuen Herrira-ko Jon Garaik, Donostia Ospitaleko atarian. «Erabakia zazpi urtez atzeratu dute, eta horren ondorioz Josuren osasun egoera itzulezina da orain», salatu zuen eta Espainiako Gobernuari dei egin zion, horrelakorik inoiz ez errepikatzeko. «Gaixo larri diren beste hamahiru presoak ere berehala aske behar dute», aldarrikatu zuen. Euskal gizartea zoriondu zuen Garaik, eta dei berezia egin zuen, gaur, hileko azken ostirala izanik, jendeak elkarretaratzeetan parte hatzera.
Lehen erreakzioak
Egun osoa itxaroten egon, eta gauean iritsi zen berria. Horregatik lehen erreakzioak Twitter bidez iritsi ziren.
«Josu Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna eman diote. Gaizki, berandu eta koldar, baina azkenean etxera!», idatzi zuen ezker abertzaleko Pernando Barrenak. «Uribetxebarria aske geratuko da. Justiziazkoa da eta merezi izan dute egin diren mobilizazioek. Gaixo larri diren beste hamahiru presok, ordea, kartzelan jarraitzen dute», izan zen Aralarreko Aritz Romeok idatzi zuena bere Twitter kontuan. «Castro epailearen erabakia berri ona da Giza Eskubideentzat», jarri zuen, berriz, Lokarriko Paul Riosek.
PPko Leopoldo Barredak hitz egin zuen, eta bere arabera, Castro epaileak hartutako erabakia «koherentea» dela legediak aurreikusten duenarekin, eta azken hogei urteetan gaixo larri dauden presoen harira jokatu den moduarekin.
«Berri ona da; baina, tamalez, oso berandu iritsi da»
Ospitale aurreko gose grebalariek bukatutzat jo dute euren baraualdia, erabakia jakin ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu