Ipar Euskal Herriko euskal hedabideekin elkarlanean, BERRIAk hauteskunde gauaren berri ematen ari da 18:00etatik aurrera. Bozkalekuak itxi ahala jaso ditu BERRIAk elkarlan horren barruan lehen emaitzak, eta webgunean ikusi ahal izango dira, herrika eta kantonamenduka. Euskal Herriko emaitzez gain, Pirinio Atlantikoetako eta Frantziako emaitzen berri ere jakinaraziko dute.
Ikusi Departamenduetako #bozak15-eko Ipar Euskal Herriko emaitzak herrika eta kantonamenduka http://t.co/WiOkNW58QXpic.twitter.com/bnYkunAUVD
— Berria.eus (@berria) March 22, 2015
Gainera, 21:00etatik euskal hedabideen ordubeteko telebista-irrati saioa ikusi ahal da zuzenean. Euskal hedabideek hiru mahai inguru antolatu dituzte kanpainan, eta gaurkoan hainbat gonbidatu izango dituzte. Saioaren lehenbiziko ordu erdian Jojo Bidart eta Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak arituko dira emaitzen analisia egiten, Arantxa Idieder aurkezle dela. Tarteka beste kazetari batzuk ere sartuko dira.
Saio bereziaren bigarren zatian, berriz, hainbat elkarrizketa egingo dituzte emaitzen balorazioa egiteko: Jean Lissar Berdeen bozeramailea, Itxaro Bethart Mendialdea kantonamenduko EAJko hautagaia, Menane Oxandabaratz EH Bai koalizioko kidea, Barthelemy Agerre Modemeko kidea eta Sauver Bacho sozialisten eta berdeen sostenguarekin Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan aurkeztu den hautagaia.
Lehen itzuliko emaitzak aipatzeaz gain, bigarren itzulirako zein erronka dauden aztertuko dute euskal hedabideetako kazetariek eta analistek. BERRIAren eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ren webguneetan ikusi ahal izango dira emaitzak, eta horiekin grafikoak osatuko dituzte, gainera, hamabi kantonamenduen datuekin. Twitterren euskal hedabideetako kazetariek #bozak15 etiketa erabiliko dute, sare sozial horretan emaitzak, xehetasunak eta erreakzioak plazaratzeko.
Ez da gaurko kontua Ipar Euskal Herriko euskal hedabideen arteko elkarlana. Iaz fruitu onak eman zituen elkarlanak, udal bozetan. Eta elkarlan hori saritu zuten urtarrilean Argia sarietan, Interneteko atalean. Jose Luis Aizpuruk eta Ttitto Betbederrek, saria jasotzean, Aitor Renteria Txato BERRIAko kazetari zena gogoan izan zuten, langintza hartan buru-belarri aritu baitzen.