BERRIA Taldearen proiektuari buruzko informazioa emateko eta etorkizuneko lan ildoen inguruan iritziak trukatzeko, BERRIAk gaur egin du bere komunitateko kideekin aurreneko lan saioa, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Hogeita hamarren bat lagun bildu dira bi ordu eta erdi pasako batzarrean. Beste hainbat lagunek postaz helarazi dituzte euren ekarpenak.
Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak bileraren bukaeran esan du komunitateko kideekin harremanean segitu beharra dagoela, euskarazko hedabide taldearen etorkizuna ziurtatzeko "ezinbestekoak" direlako BERRIAlagunak. Taldeak iazko azaroan hasi zuen Zure ziztada behar dugu kanpaina, eta orain arte 3.700 lagunek egin dute diru ekarpena —450.000 euro—.
Komunikazio proiektuan, multiplataforma
Larrartek batzarrean azaldu du BERRIAk komunikazio egitasmoan "izaera multiplataformaren alde" egin duela, "etorkizuna hor dagoelako" —papera, Internet, sakelakoa, tableta, telebista—. "Paperean egunkari sendoa egitea da helburua, edukietan oinarrituta, orrialde kopuruaren gainetik. Internet eta teknologia berrietan urrats sendoak egin ditugu: BERRIA.INFO gero eta aberatsagoa, sakelakoetarako bertsioa, aplikazioak lantzen. Eskualdeetan eskualdeko eragileekin proiektu bateratua dugu...".
Komunikazio arlorrean aurrera egin arren, gaur egun, krisiagatik, ez da erraza bideragarritasun ekonomikoa lortzea, salmentak eta, batez ere, publizitatea beheraka doazelako. BERRIA Taldea murrizketa batzuk egin beharrean egon da, Larrartek gogoratu duenez.
Horregatik azpimarratu du BERRIAlagunen garrantzia. "Komunitateak euts diezaioke euskarazko komunikazio proiektuari, eta hori da helburua: kide bakoitzak ekarpen ekonomikoa, harpidetza bidez, erosketa bidez edo ekarpen bidez".