komunikabideak

BERRIA.INFOk atzo 30.000 bisitari, orain arteko gehien

Webguneak jarraipen handia izan zuen 'Egunkaria'-ren itxiera kasuko absoluzioa jakin zen egunean; batez bestekoaren bikoitza. BERRIAren telebistak gaur ordu eta erdiko zuzeneko emanaldia egin du.

2010eko apirilaren 13a
17:15
Entzun
BERRIA.INFOk atzo izan zituen orain arteko bisitari gehien, Egunkaria-ren itxiera auziari buruzko absoluzioa jakin zen egunean: 29.982 lagunek bisitatu zuten; batik bat, epaiaren berri izan zenetik -12:50etik aurrera-. BERRIAren atariaren astegunetako bisitarien batez bestekoa 15.000koa da gaur egun; kopurua bikoiztu egin zen, beraz.

Atzora arte Egunkaria-ren kontrako epaiketako aurreneko egunekoa zuen marka BERRIA.INFOk, iazko abenduaren 15ekoa: 22.208 bisitari.

Ikusitako orrialde kopuruari dagokionez, 62.943 orrialde ikusi ziren atzo. Astegunetako batez bestekoa 41.500ekoa da.

2003ko ekainean sortu zen euskarazko webgunea.

BERRIA TB gaur zuzenean ordu eta erdian

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ren itxiera kasuko auzipetuek gaur Andoainen Martin Ugalde Kultur Parkean agerraldia egin dutela-eta, BERRIA TBk ordu eta erdiko zuzeneko saioa egin du, 11:15etik aurrera.

Lehendabizi, auziaren ibilbidea jasotzen duen bideo erreportajea eman du, gero auzipetuen prentsaurrekoa eta, bukatzeko, Lorea Agirre Egunkaria-ko kazetari ohi eta Gezurra ari du liburuaren egilea, Martxelo Otamendi auzipetu eta BERRIAko zuzendaria, Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusia, Imanol Murua Uria Egunkaria-ko kazetari ohi eta epaiketako lekukoa, Pello Urzelai Egunkaria-ko kazetari ohi eta BERRIAko Politika saileko burua, eta Joanmari Larrarte Egunkaria-ko langile ohi eta EKTko kontseilari ordezkaria elkarrizketatu ditu.

Saioak BERRIA TBren zuzeneko emanaldietako orain arteko jarraipenik handiena izan du. Une batez emankizuna 330 lagun ikusten izan direla jo du goia. Gaur erabilitako programa klaseagatik ezin da kalkulatu denera zenbat lagunek ikusi duten saioa. Dena dela, Imanol Murua Uriak Loiolako hegiak liburua Martin Ugalde Foroan aurkeztu zuenean, 200 lagun izan ziren ikusten une batez -ordura arteko gehien-, eta guztira ia bi mila bisitari izan zituen zuzeneko emanaldi hark. Gaur marka gainditu egin dela pentsa daiteke, hortaz.

Gaurko saioa hemen ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.