Igandeko hauteskundeei begira, BERRIA.INFOk antolatu dituen mahai inguruetatik lehenengoa egin da gaur, 11:00etan. BERRIAren webgunean ikus daiteke. Jakes Goikoetxea BERRIAko kazetariak zuzendu du, eta gonbidatuak Adrian Zelaia Ekai Centerreko lehendakari exekutiboa eta Eduardo Malagon EHUko ekonomia irakaslea dira. Ekonomiaz aritu dira orokorrean, eta, besteak bestea, Lopezen kudeaketa, Jaurlaritza berriaren erronkak, krisia eta langabezia izango dituzte hizpide.
Hurrengo bi mahai inguruak bihar eta etzi izango dira. Bihar 12:00etan euskararen eta hizkuntz politikaren ingurukoa egingo da. Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordeak zuzenduko du, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Ereakundeen Kontseiluko idazkaria, Mertxe Mugika AEK euskaltegietako koordinatzaile nagusia eta Mikel Irizar Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko lehendakaria izango dira gonbidatuak.
Asteazkenean, 10:00etan egingo da hirugarren mahai ingurua. Pello Urzelai BERRIAko kazetariak zuzenduko du hori, eta subiranotasunaren inguruko mahai ingurua izango da. Xabier Barandiaran Deustuko irakaslea eta Mario Zubiaga EHUko irakaslea izango dira solaskideak. Hirurak ere BERRIAren webgunean ikusi ahal izango dira. Horiez gain, hauteskundeen ondoren emaitzen balorazioa egiteko beste bat egingo da, datorren astean, eta hori ere Urzelaik zuzenduko du; solaskideak Eider Alkorta politologoa, Koldo Ordozgoiti kazetaria eta Aztiker ikerguneko kide bat izango dira.
Elkarrizketa digitalak
Ostegun eta ostiralean elkarrizketa digitalak egingo dituzte Berriketan.info sare sozialean kanpainaren berri ematen ari diren hautagaiekin: Maribi Ugarteburu (EH Bildu), Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Goizane Alvarez (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP).
Hauteskunde gauean, halaber, BERRIA.INFOk Hamaika Telebistaren saio berezia emango du 20:00etatik 23:00etara. Hauteskundeen jarraipen berezia egingo du webguneak gau horretan. Eta, hurrengo goizean, BERRIA kioskoetan eta harpidedunen gutunontzietan izango da.