Gure Esku Dago egitasmoaren giza katearen berri emateko BERRIA Taldeak ahalegin berezia egin zuen atzo. Euskarazko egunkariaren historian lehen aldiz arratsaldeko paperezko edizio berezi bat argitaratu zuen. Eguerdian egin zuten kazetariek egunkari monografiko hori, eta arratsaldean doan banatu zuten Gure Esku Dago-k ekitaldiak antolatu zituen tokietan: Durangon, Bergaran, Lazkaon, Etxarri Aranatzen eta Iruñean. Herri horietan ez ezik, Bilbon eta Donostian ere banatu zuten. Bihar, BERRIAren harpidedunek eguneroko egunkariarekin batera jasoko dute edizio berezia. BERRIAren webgunean ere arreta osoa bereganatuko du giza kateak.
Era berean, herri ekinbideko 23 komunikabide —tartean BERRIA— elkarlanean arizute ziren igandean Gure Esku Dago egitasmoaren giza katearen berri emateko. Era koordinatuan aritu ziren Interneten, eta horren erakusgarri da osatu duten argazki bilduma interaktiboa. Argazki guztiak zentralizatzearekin batera, bildumak hedabide bakoitzak partekatuko ditu bere webgunean. 25 bilduma egin dituzte, bakoitzak giza katearen bost kilometro jasoz. Era berean, herritarrei eskatu dizkete argazkiak Whatsapp bidez zein Twitter bidez bidaltzeko.