BERRIA egiten dugun emakumeok erabaki dugu bat egitea Euskal Herriko mugimendu feministak aurtengo martxoaren 8rako deitu duen grebarekin. Kazetari, diseinatzaile, zuzentzaile, harrerako arduradun, publizista, banatzaile, komertzial, sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileok egun osoko lanuztea egingo dugu egun horretan, eta horrek eragina izango du eguneko zerbitzuetan eta hurrengo eguneko egunkarian. Honako arrazoi hauengatik egingo dugu greba:
Prekaritateak beste edozein emakumeri bezalaxe eragiten digulako. Sektoreko baldintzek eta etxeko lanek zaildu egiten digute bizitzarako eta geure buruarentzako kalitatezko denbora izatea.
Kontziliazioa ezinezkoa delako gure ofizioko lanpostu askotan. Ordutegi aldrebesak, soldata apalak, enplegua eta zaintza bateratzeko zailtasunak... Asko dira haurrak edukitakoan edo norbait zaindu behar dutenean lanbidetik urruntzen diren lankideak, eta horrek ere nahi baino gehiagotan garamatza sexuaren araberako lan banaketara.
Emakume gisa egunero sufritzen eta egunkariko langile gisa egunero ikusten ditugun indarkeria matxisten mota guztiak eta LGTBIfobia salatu nahi ditugulako. Ez dugulako izan nahi urtez urte zenbatzen ditugun hilketa matxisten konplize.
Kazetaritza etikoan sinesten dugulako, egunero saiatzen garelako emakumeei protagonismoa ematen, eta komunikabideetan egiten den objektualizazio ororen aurka gaudelako.
Greba hau bat datorrelako BERRIA Taldean egiten ari garen barne prozesuarekin eta gure balioekin. Horren isla da, besteak beste, langileen eta zuzendaritzaren artean aurrera eramaten ari garen Berdintasun Plana.
Egunkari gisa, gure erantzukizun soziala delako deialdi honen berri ematea. Horregatik, gizonezko lankideek ere gure greba babestea erabaki dute, eta euren gain hartuko dute hurrengo eguneko egunkariaren ardura. Haien bidez, ohi bezain zabal eta sakon emango dugu martxoaren 8ko mobilizazioen berri, betiere emakumezko langileon greba eskubidea errespetatuz.
Egunkari bat egunero argitara dadin, beharrezkoa da askoren itzalpeko lana. Gure etxean ere, emakumezkoak dira egunkariaren azpiegitura lanak egiten dituzten gehienak: harrera, bezero arreta, administrazioa, telemarketina, publizitatea, zuzenketa, diseinua... Egunerokoan ikusezin geratzen diren lan horiei guztiei aitorpena egiteko modu bat ere bada greba hau.
Martxoaren 8an egun osoko greba egitea erabaki dugu, gure ofizioaren ezaugarrietara hobekien moldatzen den formatua delako. Greba hau antolatzeko prozesua bera ariketa aberasgarria izan da guretzat, eta hala adierazi nahi dugu. Gure artean elkartu, eztabaidatu eta harremanak sendotu ditugu; guztion artean ahalduntzeko bidea eman digu greba honek, eta aurrerantzean ere emakumeon arteko aliantzak estutzeko.
Martxoaren 8an, BERRIAko emakumeok ere planto!
OHARRA. Gaurko grebak eragina izango du BERRIAko banaketan, banatzailea emakumea den kasuetan ez baita egunkaria banatuko. Herri edo eremu hauetan ez da egingo banaketarik:
Ordizia-Lazkao, Zarautz, Azkoitia, Deba, Zumarraga, Lasarte, Legazpi, Donostia: Amara, Loiolako Erriberak, Egia, Loiola, Martutene.
Gogoan izan BERRIAlagunaren kontuaren bidez sarean eskuragarri izango duzula, egunero bezala, BERRIAren PDF edizioa.
BERRIAren estilo liburuan ere eragina izango du grebak; horren ondorioz, ez da kontsulta zerbitzurik izango, ez Twitterreko kontuan, ez estilo liburuaren webgunean.
Bezero arretarako zerbitzurik ere ez da izango grebaren ondorioz. Martxoaren 9an emango dizugu zerbitzu hori, telefonoz, posta elektronikoz eta txat bidez.
[YouTube]https://youtu.be/RFcSOH9HsQs[/YouTube]