BERRIA Taldeak etorkizunean zer bide hartu eta bide hori nola egin behar duen gogoeta egiteko, BERRIA Komunitatea osatzen duten pertsona guztiak batzar batera gonbidatu dituzte. Etzi egingo dute bilera, larunbatarekin, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Goizeko hamarretan hasiko da batzarra, eta bost galdera nagusi jarriko dituzte mahaiaren gainean: hedabideen etorkizuna zein izango da? Nolakoa izan behar du BERRIA Taldeak? Posible ote da, eta nola, proiektua bideragarri egitea? Nola lor daiteke BERRIAlagun gehiago izatea? Nola parte hartu behar dute BERRIAlagunek proiektuan?
Harpidedunek eta irakurleek ere parte har dezakete bileran, irekia izango baita, BERRIA Komunitatea osatzen duten pertsona guztien iritziak aintzat hartzeko. Etzi bilerara etorri ezin direnek ere badute ekarpenak egiteko modua, [email protected] posta elektronikora idatzita. Komunitateko kideen iritziak jasotzeari eta haien parte hartzeari ateak irekitzea da batzarraren helburuetako bat. Antolatzaileek garrantzia eman diote, izan ere, komunitateko kideek proiektuan zuzenean parte hartzeari.
Batzarra informazioa emanez hasiko dute. BERRIA Taldearen diru kontuak zertan diren azalduko dute, baita proiektua indartzeko azken hilabeteetan zein erabaki hartu dituzten ere. 2012ko kontuei begiratuta, esperotako kopuruen azpitik dabiltza salmentak eta publizitatea. Euskarazko hedabideak neurri batzuk hartu behar izan ditu aurten, galera horiei aurre egin ahal izateko. Neurri horien berri ere emango dute.
Proiektuari sendotasuna emateko neurriak ere hartu ditu taldeak, nolanahi ere. Interneten eta euskarri informatiko berrietan presentzia handitzeko eta hobetzeko urratsak egin ditu, esaterako. Horien eta 2013rako oinarrien berri ere emango dute.
Ziztaden kanpainan jarraituz
Horrekin batera, Zure ziztada behar dugu kanpainaren nondik norakoen berri ere emango dute batzarrean. Kanpaina iazko azaro hondarrean hasi zen, eta hamar hilabete egin ditu. Urtean ehun euroko laguntza emango zuten 5.000 lagunen ekarpenak lortzea zen hasierako helburua. 3.500 ziztada baino gehiago jaso ditu BERRIA Taldeak harrezkero, baina taldeak asko du egiteko oraindik, eta kanpainarekin jarraituko du. Datozen hilabeteetan kanpainari zer bultzada eman behar zaion eta hori nola egin behar den hitz egiteko aukera emango dute batzarrean. Bileran jasotako ekarpenekin, kanpainari berriro ekiteko lanak zehaztuko dituzte.
Baina batzarrak lanerako tarte bat ere eskaini nahi du, joango direnen ekarpenak jasotzeko. Horregatik, lantalde txikitan banatuko dira parte hartzaileak, BERRIA Taldearen etorkizunari buruzko lan ildoez eta bost galdera horiei buruz gogoeta egiteko eta ideiak partekatzeko. Hedabideen gaurko egoeraz eta biharko erronkez hitz egin nahi du taldeak komunitatearekin, baita euskarazko hedabidea bideragarri egiteko aukerez ere.
BERRIA Taldeak iazko azaro bukaeran ekin zion Zure ziztada behar dugu kanpainari. Proiektua bideragarri egiteko, oinarri bat herritarren ekarpenetan jartzea zen asmoa; alegia, euskarazko hedabidearen oinarria bere komunitatean tinkatzea. Horregatik, diru ekarpenak egiteko baino gehiagorako nahi du antolatu komunitatea BERRIA Taldeak. Etziko batzarra beste urrats bat izango da bide horretan.
BERRIALAGUN EGITEKO
Postaz. BERRIAlagun egiteko prestaturiko eskuorria betez, eta helbide honetara igorriz: Berria. Martin Ugalde kultur parkea, z/g. 20.140 - Andoain.
Posta elektronikoz. Eskuorriko datuak [email protected] helbide elektronikora bidaliz.
Telefonoz. (0034) 943-30 43 45 telefonora hots eginda.
Internet bidez. Webgune honetan eskuorriko datuak betez: www.berria.info/berrialaguna.
BERRIAlagunen lehen batzarra egingo dute etzi, geroari buruz hausnartzeko
Etorkizuneko lan ildoez, hedabideen egoeraz eta parte hartzeaz hitz egin nahi du BERRIA Taldeak bere komunitatearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu