Asteburu honetako bost ekitaldiekin azken txanpan sartuko da BERRIAren hamargarren urteurreneko ospakizun bira. Joan den apirilaren 12an abiatu zen bira, eta ekainaren 22an amaituko da, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egingo den egun osoko festarekin. Jadanik hamasei ekitaldi egin dira, eta datozen bost asteburuetan beste hamasei ekitaldi egingo dira BERRIAren hamargarren urtemuga ospatzeko.
Asteburu honetan bost ekitaldi izango dira, lehena gaur bertan Bilboko Kafe Antzokian. Ekitaldiaren egiturak, ohi bezala, hiru atal izango ditu: BERRIA zertan den azaltzeko aurkezpena, BERRIA opa eta topa bideoaren emanaldia eta kultur ekitaldia, kasu honetan, Igelaren Bandaren kontzertua. Bixente Martinez (gitarrak), Hasier Oleaga (bateria) eta Amaiur Cajaravillek (kontrabaxua) osatzen dute Igelaren Banda taldea. Ekitaldia 21:30ean hasiko da.
BERRIAren urtemugaren harira sorturiko Zertarako hegoak antzezlana ere azken txanpan sartuko da asteburu honetan. Jadanik zortzi emanaldi eskaini ditu Metrokodroka taldeak, eta beste lau falta zaizkio antzezlanaren bira osatzeko. Bihar, Mungiako Olalde aretoan taularatuko dute umorea, irudimena eta gogoeta uztartzen dituen Zertarako hegoak antzezlana, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Etzi, larunbatarekin, Atarrabian eskainiko dute, Kultur Etxean, 20:00etan. Hurrengo asteburuan izango dira azken bi emanaldiak. Batetik, Elgoibarren, maiatzaren 31n, eta, bestetik, Donostian, Ekainaren 2an. Antzezlana laburbiltzen duen bideoa (Zazpi t'erdi ekoiztetxeak egina) ikusgai dago.
Ekitaldiz betetako asteburu honetako beste bi emanaldietan musika eta kantua dira protagonistak. Ostiralean, Ruper Ordorikak Miarritzeko Atabal aretoan kontzertu bat eskainiko du BERRIAren hamargarren urteurreneko ospakizun biran. Larunbatean, berriz, Bizardunak taldeak astinduko du Elgetako Kafe Antzokian.
Ekitaldi guztietan sarrerak 5 eurokoak dira BERRIAlaguntzat (10 gainerakoentzat), eta ohiko tokietan ez ezik, Internet bidez ere eros daitezke.
Sarrerak erosteko, sakatu hemen.