Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat eginez, Zaldieroak BERRIAren gaurko azala diseinatu zuen atzo. Laurak pasatxo zirela erredakzioko arduradunekin bilera egin zuen Andoainen, azaleko gaiak jakiteko, eta lanari ekin zion ondoren.
Hilaren 10eko azala Antton Olariagak egin zuen, eta 17koa Eider Eibarrek. Gaur zortzi Idoia Beratarbideren txanda izango da, eta harekin bukatuko da azal berezien sorta.
Ibilbide luzeko ilustratzaileak dira laurak, eta BERRIAren irakurleentzat aski ezagunak. Zakilixut pertsonaiaren aita da Olariaga. Haur literaturako ilustratzaile gisa egin ditu urratsak Eibarrek, eta laster Mantangorri gehigarriko gastronomia orriak apainduko ditu. Umore zertzeladaz betetzen du iritzi saila egunero Zaldieroak, De Rerum Natura komiki zintarekin. Eta igandeko azken orriko elkarrizketetako protagonisten marrazkiak Beratarbidek egiten ditu.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpaina bigarren fasean da, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua. Dagoeneko hiru mila erdietsi ditu.