BERRIAren hamargarren urteurreneko ospakizun birak ez du atseden hartzeko betarik, eta Ipar Euskal Herrira helduko da larunbatean; Nafarroa Behereko Izpura herrira, hain zuzen ere. Besteak beste, Metrokoadroka-k sorturiko Zertarako hegoak antzezlana ikusteko aukera izango da Fauxtin Bentaberri gelan, gaueko bederatzietan. Joan den asteburuko ekitaldiek erantzun aparta izan zuten, eta Izpuran ere ikusle andana biltzea espero da. BERRIA Taldeak zer irakurria eskaintzen du Iparraldean. Besteak beste, Iparraldekohitza.info webgunea sortu berri du. Bada, zer ikusia eta zer gozatua ere eskainiko du larunbateko ekitaldian.
Euskaldunon Egunkaria, sorreratik, egunkari nazionala izateko asmoz sortu zen, Euskal Herri osorako egina. Hari jarraiki eratu zuten BERRIA ere. Ipar Euskal Herriak, beraz, beti izan du tokia BERRIA Taldean, gainontzeko herrialde guztiek bezala. Ipar Euskal Herriko Hitza ostiralero argitaratzen da, eta, orain, sarera ere egin du jauzi informazioak. Urteurrenaren berrikuntza nagusietako bat izan da webgunea.
Apirilaren 30az geroztik, Iparraldekohitza.info webgunearen bidez berriak gertatu ahala jakinarazteko aukera dute herritarrek. Ipar Euskal Herriko Hitza-k urrats bat egin du, eta, teknologia berriak baliatuz, euskararen presentzia indarturik dago sarean. Bi oin ditu, beraz, Hitza-k: paperezko eskaintza, batetik, eta eguneko informazioa eta multimedia arloa, bestetik. Webgunearen eskutik, BERRIA Taldeak euskararen plaza sendotzeko lanabes berria jarri du martxan. Euskarak hiztunak irabaz ditzan, elkartasuna da giltza nagusia, eta beharrezkoa da ahalik eta ekitaldi gehienetan jende ugari batzea, larunbatetik bertatik hasita.
Iaz, harpidetza kanpaina Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian, joan den urte amaieran, Plazara izeneko harpidetza kanpaina aurkeztu zuen BERRIA Taldeak. Urte luzeetan, Iparraldeko irakurleek zailtasunak izan dituzte BERRIA etxean postaz hartzeko. Hori gainditzeko, kioskoetako harpidetza egiteko aukera landu zuten. Lehengo harpidedunak berreskuratu eta berriak lortzea zuten helburu. Plazara kanpainaren bidez, BERRIA merkeago erosteko aukera ere badute orain irakurleek.