Berriozarren pertsona denak «eskubide guztien jabe» izatea aldarrikatu dute

Normalizazioa lortzeko oraindik «aurrerapauso anitz» eman behar direla azaldu du Bilduk manifestazioan

Herriko jaiak hasi aitzin atzo Berriozarren egin zen manifestazioa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Berriozar
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Berriozarko jaiak asteazkenean hasiko dira, eta ospakizunen atarian, Bilduk deituta manifestazioa egin zuten atzo ehundik gora herritarrek Eskubide zibil eta politikoen alde, euskal presoak etxera lelopean. Manifestazioaren amaieran, Olaia Goñi Bilduko hautetsiak aipatu zuen «itxaropen uneak» izan arren, oraindik normalizazio politikoa gauzatzeko eta Gernikako Akordioak biltzen dituen baldintza guztiak betetzeko bidea egitea falta dela: «Askatasun politikoak, giza eskubide guztiak, biktimen onespena, presoen eskubide eta bizi baldintza duinak izan ditzaten...aurrerapauso anitzak eman behar dira oraindik ere».

Goñik aipatu zuen Berriozarrek une garrantzitsuak bizi dituela. Udal gobernua NaBaik eta Bilduk osatzen dute, eta Goñiren arabera, udal gobernuak aukera berriak eskaini nahi ditu herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Manifestazioak lasaitasun osoz egin zuen aurrera. Euskal presoak etxeratzearen aldeko eta amnistiaren aldeko oihuak entzun ziren ibilbidean zehar.

Deialdiak, ordea, polemika eragin du asteon. PPk Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari eskatu zion manifestazioa debekatzeko, «terrorismoaren apologia» egin zitekeela aurreikusi zitekeela argudiatuz. Espainiako Gobernuko ordezkaritzak ohar bidez erantzun zuen ez zegoela manifestazioa debekatzeko «elementu juridikorik». Roberto Jimenez Gobernuko lehen presidenteordeak adierazi zuen ez zuela batere gustuko manifestazioa, baina «irizpide legalak» betetzen zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.