Berriro abiatzearen ajeak

Arrazoi ekonomikoengatik, Petronorrek ekoizpena murriztua zuen otsailetik, baina ohi baino bentzeno gehiago isuri zuen martxo hasieran. Azalpenik ez dute jaso herritarrek.

Normalean baino kexa gehiago egin zituzten findegiaren inguruko bizilagunek martxoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Martxo hasieran Petronorren instalazioak inguratu zituen hodeia arrasto nabarmena uzten ari da. Eusko Jaurlaritzak herenegun jakinarazi zuen findegiaren jarduna geldituta egon dela ia bi astez, bentzeno kopuru handiak antzeman zituztelako airean, baina, hasieran adierazitakoaren kontra, gobernuak ez zuen eteteko agindurik eman: enpresak hartu zuen erabakia. Eta hor dago zalantza: Ingurumen Sailaren arabera, findegiko lehen unitateko hozte sistemaren matxura batek eragin zuen bentzenoa isurtzea, baina, Petronorrek azken hilabeteetan emandako informazioaren arabera, unitate horrek geldirik behar zuen otsailetik, arrazoi ekonomikoen ondorioz.

Muskiz, Abanto eta Zierbenako (Bizkaia) bizilagunek salatu zutenez, martxoaren 2aren eta 16aren artean ezohiko kutsadura eragin zuen findegiaren jarduerak. «Auzo batzuk gaseztatuta egon ziren», adierazi du Begoña Fraile Abantoko Udaleko zinegotziak: «Haurrak zorabiatuta zeuden. Eztarria lehor nabaritzen genuen. Buruko mina geneukan, goragalea...».

Baina zein izan zen egun haietako jarduera, zehazki? Enpresak jakinarazi izan duenez, findegiko bi planta nagusiak geldituta zeuden une hartan: bigarren unitatea abenduan itxi zuten, eta lehena otsailean. Hain zuzen, iturri berek adierazi dute otsailetik aurrera erabat geratuta egon dela findegiaren ekoizpena «bolada batez» eta joan den asteburuan jarri behar zutela martxan lehen unitatea berriro; bigarrenak itxita jarraituko du, mantentze lanak egiteko.

Bitartean, baina, bizilagunen kexak nabarmen areagotu zirela-eta, gas isurketak neurtzeko unitate ibiltari bat bidali zuen Jaurlaritzak Muskiz aldera martxoaren 14an. Ingurumen Sailak Abantoko Udalera igorritako txostenaren arabera, «gai organiko hegalariak» antzeman zituzten, «ohi baino kopuru handiagoetan», baina ez zuten zehaztu zein gai ziren, ez eta zein arrisku zekarten ere.

Hurrengo egunean, «kalteak kontrolatzeko neurriak» eskatu zizkion Jaurlaritzak Petronorri, eta enpresak erabaki zuen «unitateen geldialdi sekuentziala abiatzea», arazoaren iturria ikertzeko, betiere Ingurumen Sailaren txostenaren arabera. Martxoaren 15ean bertan, arratsaldez, «ohiko mailara» itzuli zen gaien kontzentrazioa; bizilagunek ere kutsadura gutxiago nabaritu zuten hilaren 16an.

Gobernuak herenegun jakinarazi zuen hori guztia, baina datak ez datoz bat: prentsara igorritako oharrak dio martxoaren 20an gelditu zela findegia, eta ez 15ean. Edonola ere, igandean jarri zen martxan berriro findegiko lehen unitatea: batetik, matxura konponduta zuelako eta, bestetik, produkzioari ekiteko baldintza errentagarriak zeudelako berriro.

Koke labetik ere, kea

Martxoko lehen asteetan gertatutakoari buruzko azalpenik ez dute jaso, ordea, bizilagunek. Egun haietako isurketak ikusita, ez dute uste findegia erabat geldituta egon denik. Gainera, Frailek gogora ekarri du koke plantan probak egiten aritu direla azaro ingurutik: «Koke labetik kea ateratzen da». Probak egiteko baimena bai, baina normal jarduteko lizentzia oraindik eskuratzeko dauka koke plantak; Muskizko Udalak eman behar dio. Dena den, findegiko lehen unitatea martxan jartzeko asmoaren berri ematearekin batera, Petronorrek udalei jakinarazi zien martxoaren 30etik aurrera «URF unitateen [koke plantaren]abiarazte sekuentzialari» ekingo ziola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.