Mikel Irizar. Topaguneko lehendakaria

«Berriro indartu beharra daukagu euskararen aldeko herri mugimendua»

Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, lehendakari berria du: Mikel Irizar. Garai zailak izan arren, «ilusioz» dago.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Euskararen inguruan diskurtso berri eta erakargarriak eraiki behar ditugu». Mikel Irizar (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954) Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko lehendakari berriaren hitzak dira. Atzo hartu zuen kargua Irizarrek, Durangon (Bizkaia) Topaguneak egindako batzarrean. Etorkizunerako gakoa herritarren eta erakundeen arteko elkarlana dela nabarmendu du, eta horri esker lortuko dela euskarazko hedabideek eta euskara elkarteek egun duten egoera zaila gainditzea. «Gizartearen ekimenarekin eta erakundeen ahalmenarekin lortuko dugu».

Nola hartu duzu Topaguneko lehendakari kargua?

Ilusio handiz. Egia da momentu zailak direla. Baina une zailetan beti egoten dira aukera handiak. Euskara elkarteek eta euskarazko hedabideek jauzi kualitatibo bat emateko aukera dutela uste dut. Aukera bat bezala ikusi behar dute krisi hau. Horretarako, funtsezkoa da elkar hartuta funtzionatzea. Gainera, ohituta gaude egoera zailetan funtzionatzera, gerri buelta handi xamarra dugu halako egoeratarako.

Topagunea ez da geldirik egon. Duela gutxi Tokikom enpresa sortu zenuten. Zein helbururekin?

Tokiko hedabideen etorkizuna elkarlanean diseinatzeko tresna izango da Tokikom. Topagunea sortu zenean, ikusi zen tokiko hedabideak oso tresna garrantzitsua zirela euskararentzat. Hala, herri askotan sortu ziren. Gero bakoitzak bere garapena izan zuen. Orain, egoera ikusita, inoiz baino premiazkoagoa iruditzen zaigu batzea. Irudikatzen badugueuskarazko hedabideen egitura bi solairuko etxe bat bezala, Tokikomen lana litzateke beheko solairua, tokiko hedabideena, ondo antolatzea. Goiko solairuan hedabide nazionalak egongo lirateke, eta lortu behar dena da bi solairuen arteko eduki jario bat: goitik behera, eta behetik gora.

Euskarazko hedabideek hasitako hausnarketarako eta elkarlanerako ekinaldian ere parte hartzen duzue.

Bai. Martin Ugalden duela gutxi aurkeztu zen dokumentu bateratua sinatu genuen. Uste dugu Tokikomen dinamikarekin osagarria dela. Nahiko genukeena da, lehen esana bezala, elkarlana indartzea tokiko hedabide eta hedabide nazionalen artean. Horrekin, gure etekin komertzialak gutxitu egiten dira agian, baina funtzio soziala, areagotu. Horrekin erakundeak bultzatu nahi ditugu gure funtzio soziala onartu eta diru-laguntza politika batetik hitzarmen politika batera igarotzera. Ikastolen antzeko izaera edo estatus bat nahi dugu.

Etorkizunera begira erronka asko dituzue.

Bai, Martin Ugalden egindako agerraldian zerrendatu genituen. Garrantzitsuenetakoa da eredu aldaketara egokitzea. Eredu horretan negozio bide berriak topatu behar ditugu. Birmoldaketa sakon bat egin beharko da, eta iraultza digitalak ekarritako aldaketetara moldatu. Izan ere, aldaketa handia izan da herritarrek hedabideak kontsumitzeko duten ohituretan. Horretarako, egitura sendo bat osatu behar dugu, eta funtsezkoa izango da ez bakarrik gure arteko elkarlana, baita erakundeekin duguna ere. Horregatik proposatu genien elkarlanerako mahai bat sortzea. Bakarrik egitea ezinezkoa da.

Non dago etorkizuna?

Zaila da hori erantzutea. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu eskualde bakoitzean agerkari digital multimedia bat sortzea. Agerkari horiek guretik mundura egon behar dute antolatuta. Publizitatea ere egoera horretara egokitu behar dugu, eta bezeroak errealitate horretara erakarri. Hor dago gure erronka.

Erakundeak elkarlanerako borondatez ikusten dituzue?

Nik eskatzen diedana da solas egiteko kanal zintzoak jartzea. Izan ere, dirua garrantzitsua da, baina are gehiago epe ertain eta luzerako diagnostiko bateratu bat egitea. Hori lortzen badugu, unean uneko zailtasunei aurre egiteko gai izango gara.

Euskara elkarteen egoera ere ez da batera erraza, ezta?

Alor horretan ere, herri mugimendua ahuldu egin da. Lozorroan egon gara. Erakundeen esku utzi dugu hizkuntza politika egiteko eta normalizazioa sustatzeko ekimena. Herri ekimen hori berreskuratu behar da; gainontzean, lortu genituen gauzetako batzuk galtzeko arriskua dago. Hor lan handia dugu egiteko. Topaguneak azken urteetan egindako hausnarketa bide horretatik doa. Euskara elkarteek akuilu izan behar dute berriro ere euskararen zabaltzean eta normalizazioan. Gizarteak berriro mobilizatu behar du, eta norbanako gisa euskaldun izateko konpromiso hori indartu, handitu. Emozioetan eta jarreretan eragin behar dugu. Beharrezkoa da baita ere euskararen inguruan diskurtso modernoak eraikitzea; ez bakarrik historiaren eta eskubideen ikuspegitik. Ekologiaren eta berdintasunaren alorra ere landu behar da. Asko begiratu behar diogu feminismoari, adibidez. Jabekuntzatik hainbat egoera iraultzea lortu dute. Lan handia dago horretan, baina horrekin urrats handia egingo genuke. Haizeak euskararen alde jotzea lortu behar dugu. Funtsezkoa da hori.

Hizkuntz politikek zertan lagundu dezakete? Nolakoak izan behar dute politika horiek?

Nik uste beharrezkoak direla, baina horien eraikuntzan parte hartu behar dute herritarrek. Herritarren ekimenarekin eta erakundeen ahalmenarekin gauza asko lor daitezke. Hori uztartzea funtsezkoa da. Ez bakarrik euskararen alorrean, guztietan. Krisitik ateratzeko ere funtsezkoa da hori. Azken urteetan hori falta izan dela uste dut.

Zerekin konformatuko zinateke kargua uztean?

Konformatuko nintzateke euskararen aldeko herri mugimendu hori berreskuratzearekin eta hizkuntzaren gaia gatazka politikotik ateratzearekin. Horrekin batera, elkarlana sendotzea nahiko nuke, bai hedabideen artean, bai erakundeekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.