Berriztagarrien diru saria galdu du Zubietako errauste plantak

Espainiako Kongresuak berriztagarriei diru laguntza kentzeak urtean zazpi milioi euroko galera ekarriko lioke proiektuariAurrerantzean ekiten dieten proiektu berriztagarriei ez diete laguntzarik emango

Hondeamakinak, Zubietako errauste plantaren obretan lanean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
Donostia
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Erakunde ekologistek eta errauste plantaren aurkako herri mugimenduak behin baino gehiagotan salatu izan dute ez dela bidezkoa hondakinak errausten dituzten plantek energia berriztagarrientzat gobernuak ematen dituen diru laguntzak jasotzea. Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren proiektua diseinatu zutenek, ordea, diru laguntza hori ere kontuan hartu zuten finantzabidea bermatzeko. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak onartutako proiektuaren oinarrizko agirian aurreikusten dute 2015etik aurrera orduko 0,07 zentimo euro jasotzea saldutako argindar kilowatt bakoitzeko. Alegia, urtean zazpi milioi inguru jasotzea energia berriztagarrien diru sariaren bidez.

Atzo, Espainiako Kongresuak energia berriztagarrien proiektu berrientzako diru sariak kentzeaonartu zuen, epe mugarik gabe. Eta, berez, ekologistek oso kaltegarritzat jo duten urratsa bada ere, Zubietako proiektuari bete-betean kalte egin diezaioke neurriak. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko iturriek baieztatu dute kongresuak onartutako neurriak eragin diezaiokeela Zubietako errauste plantaren proiektuari. Hala, eragingo balio, %13ko galera ekarriko lioke urtero fakturazioan, eta hori orekatzeko, zabor tasa igo beharko litzateke.

Izan ere, atzo Espainiako Kongresuak onartutako neurri horretatik salbuetsita daude jadanik berriztagarrien diru saria jasotzen ari diren instalazioak eta Industria Ministerioaren erregimen bereziko aurre-erregistroan ageri direnak. Zubietako errauste planta ez da agertzen erregistro horretako zerrendan. Azken zerrendak aurtengo urtarrilaren 12ko data dauka.

Hondakinen partzuergokoek jakinarazi dutenez, aurre-erregistro horretan egoteko eskaera egina dute. Alabaina, egitasmoa bertan behera geratu denez, Iberdrolarekiko ituna ere sinatu gabe dago. Gauzak horrela, erabateko ziurtasuna ez badute ere, atzo hartutako erabakiak eragingo diola uste dute.

Euskal Herrian martxan dagoen beste errauste plantak, Zabalgarbik, ez du diru sari hori jasotzen, ez dagoelako erregimen bereziko proiektuen barruan. Izan ere, 94 megawatteko potentzia duenez, gainditu egiten du erregimen berezian egoteko muga —50 megawatt—. Gipuzkoakoak 28 megawatt ditu.

Gobernuak bultzatu eta Kongresuak onartu duen neurriak erregimen bereziko proiektu berri guztiei eragingo die: biomasa generazioari, zentral hidraulikoei, eguzki energiari, energia eolikoari, hondakinak kudeatzeko plantei eta kogenerazio proiektuei. Bereziki, zentral termosolarren zabaltzeari atea ixteko hartu du erabakia PPko gobernuak.

Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak azaldu du tarifaren defizitaren hazkundeari aurre egiteko hartu behar izan dutela neurria, finantza arazoa ez areagotzeko.

Kolpea energia berriztagarriei

Gorka Bueno EHUko irakasle eta energia gaietan adituak gogorarazi du atzo onartutako dekretuaren helburua dela energia fotovoltaikoa, termoelektrikoa eta eolikoa gelditzea, «benetako alternatiba izan daitezkeelako». Ildo horretan, gogorarazi du dekretuaren 3. artikuluan salbuespen bide bat zabaltzen dela biomasa industriarentzat, sektore hori dekretu honetatik kanpo geratzeko. Bide horretan, hondakinen kudeaketan dabiltzan industriak ere —errauste plantak, esaterako— salbuespen horretaz balia litezkeela uste du Buenok, eta, hala, diru laguntzak jasotzen jarraitu.

Erakunde ekologistek gogor kritikatu dute PPko gobernuaren erabakia. Carlos Bravo Greenpeaceko Energia sektoreko arduradun ohiak Espainiako Gobernuari leporatu dio «galga» jartzea energia garbi eta berriztagarriak zabaltzeari, Europan egiten ari direnaren aurka.

Xabier Abian Ekologistak Martxan-eko kideak ere gogor jo du PPk bultzatutako neurriaren aurka: «Lanpostu asko galduko dira, eta energia berriztagarrien industriaren garapenerako kolpe latza izango da».

Ekologisten arabera, energia fosilei eta lobby nuklearrari arnasa eman nahi die gobernuak, energia berriztagarriak benetako alternatiba izan daitezkeela erakutsi dutelako.

Amaiurrek gaitzetsi egin du Kongresuak hartutako erabakia, eta energia eredu berria behar dela gogorarazi du. Eredu horren ardatzetako bat energia fosilak berriztagarrien bidez ordezkatzea izan beharko litzatekeela uste du Amaiurrek. Bestalde, energia kontsumoa murriztea beharrezkotzat jo du.

EAJ abstenitu egin zen bozketan, eta gogorarazi du tarifaren defizitaren errua ez dela bakarrik energia berriztagarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.