Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du berrogeialdian jartzea Galdakaoko ospitaleko bi solairutako eta larrialdi zerbitzuetako langile batzuk. Helburua koronabirusa ez kutsatzea da. Izan ere, birusaren proban positibo eman ostean, atzo hil zen Euskal Herrian birus hori zuen lehena, ospitale horretan bertan. 82 urteko gizonezko bat zen, eta, Osasun Sailak azaldu zuenez, gaixotasun kronikoak eta pneumonia zituen hildakoak.
Guztira, 30 kasu baieztatu dituzte gaur arte Euskal Herrian. Araban dago gaixo gehien: hogei pertsona daude kutsatuta, eta horietatik bederatzi, ospitaleratuta. Bizkaian, gaur-gaurkoz, bost kasu atzeman dituzte, eta haietako bat ospitaleratuta dago. Gipuzkoan, berriz, bi pertsonak dute birusa, eta batek erietxean jarraitzen du. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo baino sei kasu gehiago atzeman dituzte, eta nabarmendu du 27 pertsonetatik hiru «larriago» daudela. Haietako bat Zaintza Bereziko Unitatean dago ospitaleratuta. Nafarroan eta Lapurdin, oraingoz, egoerak atzo bezala jarraitzen du. Nafarroan bi kasu daude, biak ospitalean; Lapurdin, kasu bat dago baieztatuta, Baionan hain zuzen ere.
Fokua, argitu gabe
Murgaren arabera, birusaren kasu batzuk pneumoniaren probetatik atzeman dituzte: «Argi eta garbi, badakigu ez direla identifikatuak genituen transmisio guneetatik iritsi». Beraz, gehitu duenez, behar horrek esfortzua eskatzen du, eta, horretarako, funtsezkotzat jo du epidemiologoek egin beharreko lana. Haren arabera, haiei dagokie ikertzea nola kutsatu diren pertsona horiek. «Haiekin harremanetan egon direnak zeintzuk diren jakin behar da; baita haiek non egon diren ere», erantsi du. Era berean, eskatu du Osasun Sailak aholkatutako neurriak betetzeko; besteak beste, eskuak maiz garbitzeko, ahoa eta sudurra asko ez ukitzeko eta mukizapiak behin erabili ostean zaborrontzira botatzeko.