Berrordaindu, eta osorik ordaindu

Madrilgo gobernuak finantzaketa publikotik kanpo utziko ditu 425 botika; errezeta eduki arren, osorik pagatu beharko dituzte gaixoekNeurriak eragin gutxi izango duela uste dute medikuek; ez dituzte baliatzen botika horiek

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Sendagaiak erabat kobratzen hasiko da Espainiako Gobernua: berrordainketa ezartzea izan zen lehen pausoa, eta orain iragarri du 425 sendagai ez dituela finantzatuko sistema publikoak. Gaixoek osorik ordaindu beharko dituzte, beraz, nahiz eta errezeta eduki. Eritasun «arinetako» botikak geratuko dira zerrendatik kanpo. Ohiko gaixotasunentzako botikak izan arren, ez dute espero aparteko gorabeherarik, gutxi erabiltzen baitira gehienak, eta ez da aparteko gorabeherarik sortuko. Hori bai, berrordainketarekin batera, beste bide bat zabaldu du Osasun Ministerioak, botiken gastu osoa gaixoen esku utzita.

Dirua aurrezteko neurria ez dela defendatu du Madrilgo gobernuak; azaldu du urteak zirela sendagaien zerrenda gaurkotzen ez zutela, eta, erreforma giroan, garai egokia zela aldaketa egiteko. Dirua aurrezteko neurria ez dela izango uste du Jesus Acin familiako medikuak ere. Hutsaltzat jo du aldaketa: «Medikuek gutxi erabiltzen dituzten sendagaiak kenduko dituzte zerrendatik, eta horrekin ez dute diru handirik aurreztuko. Eragin gutxiko botikak dira; plazeboak dira gehiago», adierazi du. Donostian, Antiguako osasun etxean, egiten du lan Acinek, eta atzo erronda egin zuen lankideen artean, zerrendan ageri diren sendagaiak erabiltzen ote dituzten. «Nirekin bat etorri dira guztiak: azken urteetan ez dituzte erabili».

Umeentzako botikak daude finantzaketa publikotik kenduko dituztenen artean. Arrate Bengoa pediatra bat dator Acinekin: «Ez du eragin handirik izango». Ez du begi onez ikusi, ordea, Espainiako Gobernuaren asmoa, zerrenda bat egitea kanpoan geratuko diren botikekin. «Profesionalok badakigu premia dagoenean soilik eman behar dugula sendagaia, ez dela alferrik xahutu behar». Haren ustez, lehentasuna da argi izatea noiz eta zertarako erabili behar den botika bakoitza.

Medikuei egin die oharra Madrilgo gobernuak, sendagaien zerrenda kaleratzearekin batera: «Sendagileek segitu ahalko dute eta segitu beharko dute botika horien errezetak egiten beharrezko ikusten dutenean, baina jakin behar dute gaixoek botikaren prezio osoa pagatu behar izango dutela». Salbuespen bat izango da: eri kronikoak. Kasu batzuetan, nahitaezko dute zerrendako sendagaiak hartzea; berrordaindu egin beharko dituzte botikak, beraz.

Beste botika batzuk aukeran

Klase guztietako sendagaiak daude zerrendan: hotzeriaren eta gripearen aurkakoak, tripetakoari aurre egitekoak, kolpeak arintzekoak, buruko minarentzakoak eta azalerako kremak, besteak beste. Sendagai batzuk kanpoan uzteak, ordea, arriskuak ere baditu: beste botika batzuetara jotzea.

Medikuen elkargoek horretaz ohartarazi dute, eta nabarmendu dute lehen ere horrelako neurriak hartu izan dituztenean esperotako aurrezpenik ez dutela lortu, kontrakoa baizik. Alegia, finantzaketa publikotik at utzitako botika batek izan dezakeela gisa bereko beste bat finantzaketa publikoa duena, eta gerta daitekeela kanpoan utzitakoa baino garestiagoa izatea sendagai hori. Gastua handituko luke horrek, noski.

Egoera horrek guztiak sortutakoondorioekin kexu da Juan Jose Bilbao familiako medikua, eta ohartarazi du neurri gehiago isilean dauzkala PPren gobernuak. Beldurra nabari du gaixoen artean. Datuak eman ditu: «Urteetan egunean 35 bat gaixo izan ditut kontsultan, baita abuztuan ere. Murrizketen dekretua atera zutenetik, 28 inguruan nabil, inoiz baino gutxiago. Zerbait gertatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.