Bertan behera geratu da Deustuko gazte lokalaren kaleratzea

Deustuko Gazte Asanbladak jakinarazi du udalarekin elkarrizketak berrabiarazi dituela. Bi aldeek konpromisoak hartu dituzte.

Asier Arrate Iruskieta.
2017ko irailaren 27a
07:43
Entzun

Orain bi aste, Deustuko Gazte Lokalak eta Bilboko Udalak elkarrizketak eten zituzten, azken horrek Deustuko auzoko lokal horren aurkako kaleratze agindua igorri ostean. Udalak etxebizitzak eraiki nahi ditu Gazte Lokala dagoen tokian. Deustuko Gazte Asanbladak jakinarazi du atzo "euren iniziatibagatik” komunikazio bideari berrekin ziotela, eta, ondorioz, kaleratzea bertan behera gelditu dela elkarrizketek irauten duten bitartean.

Asanbladak gaur emandako prentsaurrekoan azaldu du bi aldeek konpromisoak hartu dituztela. Ziurtatu du lokalaren intsonorizazio proiektu bat aurkeztu eta gauzatuko duela, eta bitartean ez dituela kontzertuak antolatuko. Horretaz aparte, baratze bezala erabiltzen duten eraikina mantentzen segituko dutela ere jakinarazi dute. Udalak, bestalde, kaleratzea bertan behera uzteaz gain, asanbladak aurkeztutako proiektua aztertu eta ados jarriz gero onartzea hitzeman du. Hobekuntzak burututa, baldintza berriak jasoko dituen hitzarmen berri bat sinatzeko konpromisoa ere hartu du.

Asanbladako kideek azpimarratu dute “beti” elkarlanerako jarrera izan dutela sor zitezkeen eragozpenen aurrean, eta gogoratu dute azken bi urteetan ez dutela salaketarik izan. Alde horretatik, udalaren jarrera espazio aske eta autogestionatuen kontrako erasoen barruan kokatu dute, eta horren adibide jarri dituzte Izarbeltz Ateneoaren eta Etxarri gaztetxearen kaleratzeak.

Asanbladako kideek eskerrak eman dizkie sostengua eman dieten talde politikoei, eta bereziki idatziekin eta animoekin lagundu dieten auzokideei eta komertzioei. Gazte lokala dagoen kaleko bi ataritako bizilagunek idatzi bat igorri zuten udalera lokalaren kaleratzearen aurka.

Gazte lokalaren aldeko manifestaziora deitu dute irailaren 29rako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.