Iruñeko Udalak Riau-riau prozesioa bertan behera utzi du, ekitaldiaren hasieran Udaletxe Plazan izandako liskarrengatik. Hala erabaki du Udal Bozeramaileen Batzordeak, arratsaldeko seiak aldera, udal korporazio osoa udaletxe barruan zela. Ezinezkoa izan zaio metrorik egitea.
Erraldoiak 17:40ak aldera irten dira Udaletxe Plazara —iragarri baino hamar minutu beranduago— eta han zen jendetzak txaloz hartu ditu. Bideari ekin diote. La Pamplonesa musika banda ere atera da, eta hasi da Miguel Astrain musikariaren doinua jotzen. Gero alkatea eta hautetsiak atera dira pixka bat, baina orduan txistuak hasi dira, jendea elkarren artean-eta kolpeka ere bai, eta korporazioa barrura sartu da. Musika banda ere bai.
Ondoren hartu dute erabakia. Dena dela, 18:15ean artean jendetza zegoen plazan, eta UPN kanpora! oihu asko entzun dira. Dena dela, 18:30erako jendea sakabanatzen hasi da.
Ofizialki, 1996an egin zuten azkeneko aldiz Riau-riaua. Liskarrak izan zirela-eta utzi zuten. Peñek urteetan aldarrikatu dute prozesioa itzultzea. Aurten Enrique Maia alkateak festak antolatzeko biltzen den mahaiari proposatu zion ekimena egitarauan sartzeko, eta aho batez onartu zuten denek egitasmoa.
Udalbatza, bere segizioarekin, Iruñeko Musika Bandarekin, Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin, dultzaineroekin eta txistulariekin, San Fermin kaperara (San Lorenzo eliza) joaten da Bezpera Nagusiak kantatzera. 500 metroko ibilbidea da. 1914an egin zen lehenengoz, uztailaren 6an, bazkalondoan.
1980an bost ordu eta 25 minutu behar izan zituzten kilometro erdia egiteko, eta 181 aldiz jo zuen udal bandak Astrainen musika. Beste batzuetan bertan behera utzi zuten txangoa, eta, 1991n istiluak izan ziren. Orduan utzi zion udalak ekitaldia antolatzeari. Ekimena berreskuratzen saiatu ziren 1996an, baina ez zuen arrakastarik izan; tentsio handia izan zen. 1997an Mutilzarra peñakoek antolatu zuten Riau-riaua, udal ordezkaritzarik gabe; herritarrak eta balsa izan ziren protagonista.
Txupinazoa, "zoragarria"
Iñaki Cabases Nafarroa Baiko zinegotziak bota du festen hasierako txupinazoa, 12:00etan, Ane alaba ondoan zuela. "Iruindarrak, pamploneses, pamplonesas, y cuantos habéis venido a disfrutar con nosotros [eta hona gozatzera etorri zaretenok], !Viva San Fermin! Gora San Fermin!" esan du. Uxue Barkos NaBaiko hautetsi eta Geroa Baiko diputatua ere ondoan zeukan. Balkoi nagusian zen, halaber, Maia alkatea (UPN).
"Zoragarria izan da", adierazi du Cabasesek txupinazoa bota ondotik. "Pentsatzen nuen inork ez zuela ezer entzungo, baina denek erantzun didate 'gora'-eta esan dudanean". Hemendik aurrera "beste bat" izango dela esan du, eta gaizki pasatzen ari den jendea gogoan izateko eskatu du: "Ea denok ere festa eta elkartasuna uztartzen asmatzen dugun. Jende asko ari da gorriak pasatzen, eta ni haiekin gogoratzen naiz bereziki".
Ikurrinak eta presoen eskubideen aldeko pankartak
Ohi bezala, lepo egon da Udaletxe Plaza. Ikurrin handi bat izan bertan, baita euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen zuen pankarta eta Maite zaituztegu zioen bat ere. Udaletxeko balkoian Bildukoek ikurrina txiki bat atera dute.
Eguerdia aurretik Udaletxe Plazara sartzeko kaleetan polizia asko zegoen. 11:30ean Txapitela kalean udaltzainak eta foruzainak zeuden, kaskoekin. Ikurrina erraldoi batekin zegoen talde handi bat eta bost-hamar minutu eman dute polizien aurrean garrasika, Alde hemendik! eta antzeko leloekin. Une batean, hiru kidez osatutako ordezkaritza batek polizien buruarekin hitz egin du. Honek Txelui Moreno ezker abertzaleko kideari eta Aitziber Sarasola Bilduko parlamentariari esan die segurtasun arrazoiengatik ikurrina erraldoia ezingo zutela sartu Udaletxe Plazara, baina ikurrina txikiak sartzeko aukera bazutela. Orduan Morenok-eta euren kideei esan diete ikurrina erraldoia tolesteko eta gordetzeko, eta jaitsi egin dira Txapitelan behera. Gero Mercaderestik sartu dira Udaletxe Plazan, arazorik gabe. Ez da istilurik egon. Eta ikurrina handi bat plazan azaldu da.
29 lagun artatuta
Nafarroako DYAk eta Gurutze Gorriak 29 lagun artatu dituzte eguerdian, gehienak txupinazoan izandako kolpeengatik eta ebakiengatik. Haietatik bi baizik ez dituzte eraman erietxera.
2010ean 125 lagun artatu zituzten. Ordutik debekatuta dago Udaletxe Plazara beira sartzea.