Bertie Ahern Irlandako ministro ohi eta Aieteko Bake Konferentziako eragileetako bat Bilbon izan zen atzo, Sabino Arana Fundazioak Aieteko Konferentziari emandako saria jasotzeko. Euskal gatazkaren inguruan mintzatu zen Ahern. Ulergarritzat jotzen du PPk krisi ekonomikoari lehentasuna ematea, baina heltzen ez diren arazoak "enkistatu" egiten direla ohartarazi zuen. ETA desarmatzeko gobernuek hitz egin dezaten beharrezkoa dela gaineratu zuen: "Bakea etsaiekin lortzen da, ez lagunekin. ETA desarmatzeko bide bakarra harekin hitz egitea da".
Aieteko Konferentziarekin batera, honakoak saritu ditu Sabino Arana Fundazioak: Eunate Agirre munduko bodyboard txapelduna, Bilboko Merkataritza Ganbara, Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresa, Deustuko Unibertsitatea eta Maite Lafourcade ikerlaria.