Bertan behera uzteko asmoa azaldu zuen arren, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eutsi egingo dio D ereduko eskoletan urteetan eman duten Bertsolaritza Eskolan programari. Hori bai, murrizketak izango dira: gobernuak %30 diru gutxiago jarriko du, eta Bertsozale Elkarteak egin beharko dio aurre mozketa horri.
Ekainean egin zuen salaketa Nafarroako Bertsozale Elkarteak: telefono dei bat jaso zutela Hezkuntza Departamentutik, eta jakinarazi zietela aurtengo ikasturtean ez zutela diruz lagunduko plan hori. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariari galdera egin zion Bilduk atzo parlamentuan. Iribasek jakinarazi zuen eskoletan aurten ere izango dutela bertsolaritza lantzeko programa. «Lan ona egiten dute, eta eutsi egingo zaio». Ukatu egin zuen, gainera, ekainean Bertsozale Elkarteari besterik esan ziotela: «Inoiz ez dut agindu programa hori ezabatzeko. Noizbait planen bat kendu behar bada, parlamentuan bertan emango dut horren berri».
Iribasek, gainera, nabarmendu zuen aurreko urteetan baino eskola gehiagotan emango dutela programa hori. Hala da hori, baina beste alde bat ere badela argitu du Bertsozale Elkarteak: «Ikastetxe gehiagotan izango da, baina ordu gutxiagoz: lehen 30 orduko ikastaroa zen; orain, 15 ordukoa. Kopuru osoa hartuta, ordu gutxiago izango dira denera».
%20 aurrekontu txikiagoa
Dirua ere gutxiago izango dute. Hezkuntza Departamentuaren mozketa 14.000 euro inguru izango da (%30). Nafarroako Gobernuak lehen ere ez zuen zati osoa pagatzen, heren bat baizik. Orain, Hezkuntza Departamentuaren zatia murriztuta, Bertsozale Elkarteak berak jarri beharko du baliabide gehiago. Nafarroako udalek eta mankomunitateek ordaintzen dute gainerakoa. Edonola ere, egitasmoaren aurrekontua %20 txikitu dela azaldu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Murrizketak gorabehera, planari eustea erabaki dute. «Guretzat oinarrizko egitasmoa da. Gobernuak nahi zuen programa zabaltzea, baina diru gutxiagorekin. Onartu egin dugu». Aurreko ikasturtean D ereduko 1.100 ikasle inguruk parte hartu zuten Bertsolaritza Eskolan proiektuan. Iribasek ez ezik, parlamentuko talde guztiek onartu dute balorazio «oso ona» jaso duela eskoletan.
Bertsolaritza Eskolan plana murriztu egin dute
Planarekin jarraitu dute, Iribasek laguntzak %30 apaldu arren; ikastetxe gehiagotan baina ordu gutxiagoz emango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu