HEZKUNTZA

Bertsolaritza Eskolan programa berreskuratuko du Nafarroako Gobernuak

Berrogei bat ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako mila ikasle inguruk parte hartuko dute programan, urriaren 22tik abenduaren 22ra bitartean. Euskarazko ahozkotasuna indartu eta bertsoa sustatzea da xedea.

Bertsolaritza ikastaroak, Erreniegako ikastolan (Nafarroa). J. MANTEROLA / ARP
2015eko urriaren 27a
14:26
Entzun

Gobernuaren esanetan, haren helburua "komunikatzeko gaitasunak areagotzea da, mintzamena bereziki, hizkuntzaren bat-bateko erabilerak sartuz. Bertsoak ikaslearen beraren konfiantza eta segurtasuna sustatzen ditu, hari ikusaraziz bere komunikazioa hobetu daitekeela eta hitz-jarioa indartu". Programak bertsoaren ezaugarriak landuko ditu: teknika, erritmoa, metrika eta errima. Gainera, bertsoaren ahozko tradizioa euskal literaturan nolakoa izan den ezagutaraziko da.

Programa hamar saiotan antolatu dute, astean behin, eta haietako bat bertsoen bat-batekotasunaz ariko da ikasitako doinuak praktikan jartzeko. Zenbait alderdi landuko dira hizkuntz jolasekin, bertso tradizionalak ikasiko dituzte, bertsoaren historia eta historiako bertsolariak ezagutuko, bertsoaren forma berritzaileak, irrati saioak, emanaldi mota askotarikoak eta ahozko bertsoak nahiz bertso idatziak. Ikasle bakoitzak gida didaktiko bat eta koaderno bat jasoko ditu ikasturterako. Proposamen didaktiko horren barnean, euskararen euskalkietan egindako bertsoak sartzen dira. Saioak ematen dituen bertsolariekin batera, taldeko irakasleak ere izango dira. Irakasle horiek bertsolariarekin koordinatuko dira, eta azken horrek bertsolaritza irakasteko metodoen berri emango die; horrekin batera, gai zehatz batzuei buruzko aholkularitza teknikoa emango die bertsolaritzako saio edo lehiaketak egiteko.

Bilduma bat argitaratuko da parte hartutako talde guztien bertso onenekin. Programa Nafarroako Bertsozale Elkarteko bertsolarien elkartearekin egingo da, 2015-2016ko ikasturteko lehen hiruhilekorako, 20.000 euroko kontratu bat sinatuz.

UPNrekin, bertan behera

Aurreko gobernuak atera zuen eskolatik bertsolaritza. 2012an, Jose Iribas buru zuen Hezkuntza Departamentuak %30 murriztu zuen plan horretarako laguntza. 2014an, berriz, ez zuen programa diruz babestu gobernuak. 2009-2010eko ikasturtean, 52.000 euroko laguntza eman zuen gobernuak. 2011-2012ko ikasturtean behera egin zuen kopuruak: 48.000 eurokoa izan zen laguntza. 2012-2013ko ikasurtean, berriz, 32.800 eurokoa. 2013-2014rako, azkenik, deus ez zuten jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.