HEZKUNTZA

'Bertsolaritza irakaskuntzan' plana bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi du hiru urterako sinatua zuten ituna bere kabuz hautsi egin duela Hezkuntza Departamentuak. 1997tik dago abian 'Bertsolaritza irakaskuntzan' programa. Atzera egiteko eskatu dio Bertsozale Elkarteak gobernuari, eta sinatutako hitzarmena betetzeko.

2012ko ekainaren 27a
15:15
Entzun

Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du Bertsolaritza irakaskuntzan programa, dirurik ez daukala argudiatuta. Nafarroako Bertsozale Elkarteak azaldu du telefono dei baten bidez jakinarazi diola gobernuak erabaki hori. Hiru urterako ituna sinatu zuten iaz Bertsozale Elkarteak eta Hezkuntza Departamentuak, eta bere kabuz hitzarmen hori etetea erabaki du gobernuak. Erabakia atzera botatzeko eskatu dio elkarteak Jose Iribas kontseilariari, eta sinatutako akordioa betetzeko. Planaren herena finantzatu du orain arte Hezkuntza Departamentuak.

1997tik dago abian Bertsolaritza irakaskuntzan programa Nafarroako D ereduko ikastetxeetan. Amaitu berri den ikasturtean, adibidez, 31 eskolatan aritu dira 1.100 ikasle. 48.000 euro jarri ditu aurten gobernuak; gainerakoa, udalek eta mankomunitateek. Datorren ikasturtean, ordea, planari laguntzeko diru saila kendu egingo du Iribasek.

Bertsozale Elkarteak nabarmendu du eskolek "ezin hobekiago" baloratu dutela programa hori eta horrela adierazi diotela Hezkuntza Departamentuari. "Bertsogintzaren oinarrizko ezagupenak eta teknikak ikasteko balio izateaz gain, Bertsolaritza irakaskuntzan programak bestelako onura asko ditu ikasleentzat: geletan euskara erabiltzeko modu ezin egokiagoa da, hizkuntzaren alderdi jostagarria erakusten die gaztetxoei, haiena ez den rol bat hartzen eta ondokoa entzuten ikasten dute, ahozkotasunaren garrantziaz jabetzen dira…".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.