Hogei urte luzez aritu dira Nafarroako D ereduko haurrak bertsolaritzaren berri jasotzen haien geletan, 'Bertsolaritza irakaskuntzan' programaren eskutik. Azken urteotan proiektuak izan dituen murrizketak salatu, eta gaur egungo "egoera larria" mahai gainean jarri du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Diru laguntzarik gabe utzi dute, eta airean da haren etorkizuna. 2005. urtetik 2011ra bitartean, sei urterako sinatu kontratuaren bidez jaso zuen erakunde horrek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren diru laguntza. 2011n, hiru urterako baino ez zuen berritu kontratua gobernuak Nafarroako Bertsozale Elkartearekin. Baina ez du bete. "2011-2012 ikasturtearen amaieran, kontratua urtero negoziatu beharko genuela jakinarazi zigun Hezkuntza Departamentuak", azaldu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Lorea Arburuak.
Arazoak ez ziren hor amaitu. 2012ko maiatzean diru laguntzaren kopurua %32 murriztu zuen Hezkuntza Departamentuak. Ekainean, berriz, programa bertan behera uzteko asmoa agertu zuen gobernuak. Bertsozale Elkarteak egoera salatu zuen jendaurrean, eta Hezkuntza Departamentuak atzera egin zuen. Murrizketak, hala ere, ez ziren eten. "2013ko irailean urte bukaera arteko diru laguntza ez zigutela emanen erran ziguten; eta ikusiko zutela 2014 zer konponbide zegoen", erran du Arburuak. Oraindik erantzun baten zain jarraitzen dute Nafarroako Bertsozale Elkartean. "Ez dugu negoziatzeko eta elkartzeko aukerarik izan", salatu dute.
2009-2010 ikasturtean, 52.000 euroko laguntza eman zuen gobernuak. 2011-2012 ikasturtean behera egin zuen kopuruak: 48.000 eurokoa izan zen laguntza. 2012-2013 ikasurtean, berriz, 32.800 eurokoa. 2013-2014rako, azkenik, deus ez dute jaso, oraindik ere. Horrek eragina izan du bertsolaritza eskolak hartzen dituzten taldeen kopuruan, bai eta ordu kopuruan ere. "2009an baino 765 eskola ordu gutxiago ematen dugu orain, eta 51 talde gutxiago ditugu", azaldu du Arburuak.
Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Alaitz Rekondok ere gogor salatu du egungo egoera, eta bertsolaritza eskoletan emateko programa "modu duin eta iraunkor" batean laguntzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko (NIZE) koordinatzaile Beatriz Casanovak eskaera horrekin bat egin du. 'Bertsolaritza irakaskuntzan' programa "ona eta beharrezkoa" dela nabarmendu du.