Nafarroan Foru Hobekuntza indarrean denetik 30 urte bete direnean, mezu argi eta bateratua zabaldu dute EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak: Foru Hobekuntza oinarri duen esparrua oztopo dela Nafarroak bere erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, eta, ondorioz, esparru hori gainditzeko eta bertze bat aldarrikatzeko garaia dela.
Iruñean agerraldia egin dute EAko, Aralarreko eta ezker abertzaleko hainbat kidek, NaBaiko eta Bilduko zenbait parlamentari eta parlamentari ohirekin batera; tartean egon dira Patxi Zabaleta, Josu Goia, Marine Pueyo, Joxe Manuel Aleman, Angel Garcia de Dios, Pedro Romeo, Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz, Mauricio Olite, Koldo Amezketa eta Xanti Kiroga.
«Politika bateratuen premia inoiz baino nabarmenagoa da Nafarroan», erran du denen izenean Xabier Lasak. Euskaraz mintzatu da Lasa, eta gaztelaniaz Pernando Barrenak hartu du hitza. Bat egiteko garaia da, haien ustez, «bertze esparru baten alde». Bertze esparru hori behar da, haien hitzetan, «Euskal Herriak dituen behar sozial eta ekonomikoak asetzeko».
«30 urte pasa eta gero, egoera larrian gaude», salatu du Lasak. Argi du egungo egoerak Foru Hobekuntzaren porrota islatzen duela. «30 urtez UPNk eta PSNk haien artean egindako itunek utzi dute Nafarroa bere etorkizun ekonomikoa kudeatzeko aukerarik gabe, alderdiok Madrildik egin dizkieten eskakizunei men egin baitiete. Nafarrok erabakitzeko dugun eskubidea ukatzen du Foru Hobekuntzak, eta, aldi berean, egungo egoera bazter uzteko neurriak hartu ahal izateko bidea ixten digu».
Tresna propioak
Egoera hori gainditzeko beharra nabarmendu dute EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak, Iruñean egindako agerraldian. «Gero eta gehiago gara gure tresna propioak behar ditugula uste dugunok; gero eta gehiago bertze esparru bat aldarrikatzen dugunok», erran du Barrenak.
Hori dela eta, nafarrek erabaki behar dute haien etorkizuna, «askatasunez». Horixe azpimarratu du Barrenak: «Guri dagokigu erabakitzea lau euskal lurraldeetarako tresna politiko eta komunak nahi ote ditugun, estatuaren inboluzio sozial eta zentralistari modu eraginkor batean aurre egiteko».
«Aitor dezatela haien eredu ekonomikoak eta haien lurralde ereduak porrot egin dutela; onar ditzatela elkarrizketaren bide demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea», erantsi du halaber Barrenak.
Gauzek aldatu behar dutela zalantzarik ez dute EAko, Aralarreko eta ezker abertzaleko kideek, atzean utzi ahal izateko «trantsizio garaian inposatutako ereduak», bai eta trantsizio horrek Euskal Herrian eragindako «langile eta herri borroken aurkako errepresio basatia». Lasak gogoratu du nafarrek inoiz ez dutela berretsi duela 30 urte indarrean jarri zen Foru Hobekuntza.
«Duela 30 urte ezarritako eredu horiek huts egin dute, eta premiazkoa da, orain, ausardiaz jokatzea», erran du Lasak. «Egungo egoera ekonomikoa aldatzea ezinezkoa dela sinestarazi nahi digute; etsipenak har gaitzan nahi dute; baina bestelako politika bat posible da, eta inoiz baino beharrezkoagoa, gainera, nafarron bizi-kalitateari eutsi ahal izateko», azaldu du. Bertzelako politikak, bertzelako ereduak, bertzelako esparru batean. Horixe eskatu dute Iruñean.
«Bertze esparru baten alde» agertu dira EA, Aralar eta ezker abertzalea
Alderdion ustez, Nafarroak erabakitzeko duen eskubidea gauzatzeko oztopo da Foru Hobekuntza, zeinak 30 urte bete berri baitituEgungo egoera «larritzat» jo dute, gizartearen eta ekonomiaren esparruetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu