Osasunbideak eta Osakidetzak atzoko datuen berri eman dute: 1.409 lagunek eman zuten positibo. Datuak bezperakoak baino handiagoak badira ere, azkenengo egunetako testuinguruan mantentzen dira, kurba epidemiologikoaren goraldian. Hala ere, bada joera aldaketa bat: kutsatzeen gorakada hasi zenetik Nafarroa izan da kasu gehien zenbatu duen lurraldea, besteekiko alde handiz. Azken egunetan, ordea, Bizkaiak ordezkatu du, eta gaur kaleratutako datuek ere hori berretsi dute: 479 positibo zenbatu dituzte herrialde horretan, 399 Nafarroan, 398 Gipuzkoan eta 112 Araban.
Kutsatzeen gorakada nabarmena izan da. Hiru aste ere ez dira Osasunbideak eta Osakidetzak egunean 500 kasu baino gutxiagozenbatzen zituenetik, uztailaren 1ean; eta orduan ere jada goraldian zegoen pandemia. Egun, hirukoiztu egin da kopurua.
Baina kutsatzeetan soilik ez, ospitaleratzeetan ere hasi da igartzen pandemiaren gorakada. Beste olatuen maila berean ez bada ere, ospitaleratuen kopurua gora doa, eta egun 267 lagun daude Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan. Ekainaren hasieratik izan gabeko kopurua da hori. ZIUetan ere handitu da kopurua: 54 lagun daude larri, eta hori ere ekainaren erdialdetik izan gabeko datua da.