Hildako berrien kopurua bikoiztu egin da egun batetik bestera. Beste 51 hildako zenbatu dituzte, gaur argitaratutako datuen arabera. Atzo, aldiz, 25 zenbatu zituzten. Jauzi handia. Guztira, 1.578 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Atzoko buletinaren izenburua 'Adi positiboei', eta adi jarraitu beharko da, gaurko datuetan gora egin duelako positiboen kopuruak. Beste 502 positibo berri zenbatu dituzte: Araban, 43; Bizkaian, 311; Gipuzkoan, 43; eta Nafarroan, 105. Aurreneko egunean baino 149 positibo gehiago (gehien-gehienak Bizkaian). Hiru egunez jarraian goraka. Osakidetzak egindako testetatik % 8k positibo eman du, eta Osasunbideak egindakoetatik % 11,5.
Administrazioek ez dute aipatutako datu ezkorrak nabarmendu. Jaurlaritzak nabarmendu du ospitale batzuetan jada ez dagoela COVID-19a duen gaixorik. Ospitaleratuen datuak, beraz, hobeak dira. Kopuruak behera egin du berriro. 1.115 pertsona daude ospitaleratuta (bezperan baino 86 gutxiago), eta haietatik 171 ZIUn (bezperan baino 6 gutxiago).
Haurrak kalera ateratzeko baldintzek zeresanik ematen jarraitzen dute. Egunean ordubetez atera ahalko dira haurrak, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara.
Eustaten datuen arabera, lanean ez daudenen kopurua zazpi aldiz handitu da azken asteetan. Nafarroako Gobernuak 7,9 milioi gehiago erabiliko ditu gizarte laguntzetarako. Udalentzat eta gizarte erakundeentzat antolatutako deialdien bidez banatuko dira.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka
ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena, gertatu ahal kontatuta.
Agian honek ere merezi du
Bozen ondorioak. Joan den martxoaren 15ean herriko etxeetarako bozak izan ziren Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Bozei eustea erabaki zuen Frantziako Gobernuak, koronabirusa hedatzen hasia bazen ere. Erabaki hark ekarritako ondorioei begiratu dizkio Ekhi Erremundegi kazetariak. Besteak beste, koranabirusarekin gaixo izan den Bokaleko Marie Ange Thebaude hautetsiaren lekukotasuna jaso du.
Arnasa liburuari. Liburuaren eguna da gaur, baina liburugintza une larrian dago, kornosabirusaren krisiak bete-betean jota. Horren aurrean, euskal liburua ikustarazten jarraitzeko helburuarekin, itxialdian euskaraz irakurtzea sustatzeko kanpaina bat abiatu dute BERRIAk eta Elkarrek, argitaletxe ugariren laguntzarekin. Egunero lau liburu jarriko dira salgai BERRIAren dendan, eta Elkar eroslearen helbidera eramateaz arduratuko da.