%5eko positibo tasatik jaitsi ezinda dago oraindik ere Hego Euskal Herria. Atzo, zehazki, 10.335 proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta haietatik 594k eman zuten positibo. Ondorioz, %5,7 da positibo tasa.
Joan den ostegunean, positiboen kopuruak goia jo zuen Hego Euskal Herrian, eta 800 kasuren langa gainditu zuen; zehazki, 809 positibo zenbatu zituzten, eta hori daturik okerrena da joan den otsailaren 10etik. Ostiralean, berriz, behera egin zuen kutsatuen kopuruak, eta 747 positibo atzeman zituzten. Atzo, 594 izan ziren.
Lurraldeka, Bizkaia izan ohi da positibo gehien atzematen diren herrialdea, baina Gipuzkoa izan zen atzo; 201 erregistratu ziren han, eta 187, berriz, Bizkaian. Nafarroan 127 izan ziren, eta 77 Araban.
Ospitaleratuei dagokienez, 42 lagun ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren ondorioz. ZIUetan 88 lagun daude, atzo baino bi gehiago.