«Eguerdi aldean topatu genuen, Diman bertan, bidegurutze batean». Hala kontatu du Ainhoa Latatu biologo eta irakasleak atzo 13:00ak aldera Bizkaiko Arratia eskualdean egin zuen aurkikuntza: orkatz baten moduko animalia belarjale baten gorpua, burua moztuta, errepide ondoko zabor edukiontzi batzuen aldamenean.
Latatuk Twitterren jarri zuen argazkia, eta aipamena egin zien basozainei. Haiek pribatutik erantzun zioten. Hasieran, salaketa jartzeko eskatu zioten, eta norbait bidaliko zutela gorpua aztertzera; gero, eurak arduratuko zirela salaketaz.
Igandean Diman topaturiko gorpua.Ainhoa Latatu
Ez dakigu nola hil zen animalia. «Ez nion begiratu tiroa ote zuen», esan du Latatuk. Jarraitzaile batek Twitterren erantzun dio errepidetik gertu egonda litekeena dela auto batek harrapatu izana. Astelehen arratsaldean, informazio gehiago jaso duela esan du Latatuk berak, Twitterren, eta igande goizean animaliak burua bazuela esan diotela.
Foru Aldundiak baieztatu egin du animaliak tiroa zuela atzeko hanketan.
Arratian antzeko kasuak gertatzen ari dira azken hilabeteotan.
Apirilaren 22an, norbaitek orkatz baten gorpua zintzilikatu zuen Gorbeiako parke naturaleko kartel batetik, lepoa moztuta. Gune babestua da parke naturala, eta han zorrotz kontrolatuta dago ehiza. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ertzaintzak adierazi zuten ikerketa bat zabaldu zutela, animalia nork hil zuen argitzeko.
Zehazki, Areatzako (Bizkaia) lurretan aurkitu zuten orkatza, Asteitxeko aparkalekuan, eta basozainek kendu zuten handik. Gorbeiako Parke Naturalean espezie horretako 600 animalia inguru daude, gehienak Arabako aldean.
Gorbeian burua moztuta agertu zen orkatza, joan den apirilaren 22an.BERRIA
Igandekoarekin, bost dira dagoeneko aurten hilda topatu dituzten antzeko animaliak. Aurreko hirurak heltzeko zailak diren guneetan zeuden, putreek erdi janda, baina azkeneko biak, leku nabarmenetan.
Eskualdean ehiztari asko dago, eta erantzuleak isilpeko ehiztariak ote diren zabaldu da inguruan.
Legez kanpoko ehizak 10.000 eurorainoko zigorrak izan ditzake, baita kartzela zigorrak ere, baina Gorbeian badago aspaldidanik arrisku horiek hartzen dituen jendea. Basozainen arabera, lehen oso ohiko jarduera zen ezkutuko ehiztariena, baina azken hamabost urteetan nabarmen murriztea lortu dute.
Basozainek udaberrian esan zuten harritzekoa dela isilpeko ehiztariek orkatzaren gorpuak agerian uztea, normalean ehiztari horiek oharkabean pasatzen saiatzen direlako.
Beste aukera bat nabarmendu du Borja Diaz Bizkaiko Basozainak Elkarteko eledunak, baina argi utzi nahi izan du orokorrean mintzo dela, eta ez atzoko kasuari zehazki lotuta. «Agian jende bat ez dago pozik orkatzekin». Izan ere, animaliok kalteak egiten dituzte eukalipto landaketetan eta pinudietan, zuhaitzon puntak jaten dituztelako. Gainera, adarretan dituzten guruinetatik isurtzen den hormona bat igurzten dute zuhaitzetan, beren usaina uzteko, eremua markatze aldera. Halakoetan baliteke adarrekin zuhaixken azala urratzea, eta eukaliptoa ihartzea, Diazek azaldu duenez. Jende bat kexu dela, beraz, eta, agian, mezu bat bidali nahi izan diola Bizkaiko Foru Aldundiari. «Gauza bat argi dago: bistan utzi dutela, eta bururik gabe».